Itxi

Gizartea

Turismoa

Euskadi "helmuga segurua" dela eta covid ziurtagiria ezartzea ez dagoela aurreikusita esan du Hurtadok

Agentziak | EITB Media

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak adierazi duenez, pandemiaren bilakaeraren zain daude, baina oraindik ez dute Euskadin 'osasun pasaportea' delakoa ezartzea aztertu.

  • Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua. Artxiboko argazkia: EFE

    Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua. Artxiboko argazkia: EFE

Udako oporrak bukatzear ditugula, Euskadi "helmuga segurua" dela eta ostalaritzako establezimenduetan sartzeko gaur egun ez dagoela covid ziurtagiria eskatzea aurreikusita nabarmendu du Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, larunbat honetan egindako elkarrizketa batean.

Testuinguru horretan, uda aurretik, positiboen datuak hoberantz egiten ari zirenean, aurten Euskadi bisitatuko duten turista gehienak "espainiarrak" izatea espero zutela gogora ekarri du Hurtadok. Bere esanetan, aurreikuspen hori betetzen ari da, eta turista gehienek naturarekin bat egin eta kostaldea bisitatzeko asmoa dute.

"Landa-turismoari dagokionez datu hobeak ditugu, baina hiri handietan eta hotelen sektorean egoera konplexuagoa da", esan du Hurtadok, covid-19ak turismoan izan duen eragina aztertuz eta uztaileko balantzea eginez.

Ildo horretatik, sektoreak datuak "kezkaz" jarraitzen dituela esan du, eta landa-turismoak jada "2019ra hurbiltzen ari diren erreserbak" jaso dituela gaineratu du. Alabaina, "hiri handietako hotel-erreserbek pandemiaren aurreko alditik urrun dauden datuak erakusten dituzte oraindik".

Edukiera murrizteko LABIren azken erabakiaren harira, Hurtadok ohartarazi du murrizketek "sektore guztiei" eragiten dietela, "ez bati zehatz bati", eta berretsi du "Euskadi helmuga segurua" dela bertako profesionalen lan handiagatik.

Azkenik, eta ostalaritzako lokaletan sartzeko edo ikuskizunetara joateko baldintza gisa Euskadin covid pasaportea delakoa ezartzeko aukeraren aurrean, sailburuak esan du gaur egun ez dagoela aukera hori mahai gainean.

"Pandemiaren bilakaeraren zain gaude, baina ez da haratago joatea eztabaidatu. Gaur egun aukera hori ez dago mahai gainean, baina adi gaude osasun agintariek gomendatzen dutenari eta LABIk erabakitzen duenari", erantsi du.