Gizartea
Koronabirusa
Etxeratzeko agindua Nafarroan abuztuaren 5era arte luzatzea babestu du Justiziak
Agentziak | EiTB Media
Nafarroako Auzitegi Nagusiaren hitzetan, "neurri egokia da, hau da, eraginkorra kutsatzeei aurre egiteko, prebentzio neurriak ahazten diren uneetan harremanak eragozten dituelako".
-
Kaleak hutsik eta tabernak itxita, Nafarroan. Irudia: EiTB Media
Etxeratzeko agindua (01:00etaik 06:00etara) abuztuaren 5era luzatzeko baimena eman dio Nafarroako Auzitegi Nagusiaren administrazio-auzietarako aretoak Foru Gobernuari.
Neurriak covid-19aren ondorioz muturreko arriskuan dauden udalerriei eragiten die asteburuetan, jaiegunetan eta tokiko festetan (bezperak barne).
Nafarroako Auzitegi Nagusiaren ahotan, "neurri egokia da, hau da, eraginkorra kutsatzeei aurre egiteko, musukoa eta distantzia soziala bezalako prebentzio neurriak ahazten diren uneetan harremanak eragozten dituelako".
Auzitegiak ebazpenean erantsi duenez, "beharrezkoa da, muturreko egoeran dauden udalerrietan kutsatzeen erritmoa ikusita, egoera larrian daudelako". Udalerri horietan, ostalaritzaren itxiera 01:00etara aurreratzea "ez da nahikoa izan birusa kontrolatzeko; beraz, gauean mugikortasuna mugatzea proposatu dute".
Era berean, "neurrizkoa" ikusten du Auzitegiak, "kutsatzeen katea eteteko gutxienekoa eta ezinbestekoa egiten delako; izan ere, ez du mugikortasuna guztiz mugatzen, ezta Foru Erkidego osoan ere, arriskuan dauden udalerrietan soilik, eta ez da asteko egun guztietan aplikatzen".
Indarrean dauden gainerako neurri murriztaileak, irailaren 2ra arte
Gainera, gaur indarrean dauden gainerako neurri murriztaileak irailaren 2ra arte luzatzeko baimena eman du aretoak, hala nola, kanpoaldean 10 pertsona baino gehiago biltzeko debekua Nafarroa osoan.
Azkenik, kalejirak, herri bazkariak eta zezen-festak bertan behera jarraitzea babestu dute epaileek.