Gizartea
Koronabirusa
Positibo berriak 1.500 baino gehiago dira Euskadin, baina birsorkuntza tasa 0,99ra jaitsi da
Eriz Lotina | EITB MEDIA
Covid-19aren ondorioz 43 pertsona ospitaleratu zituzten, eta koronabirusa duten 60 pertsona ZIUetan daude. Koronabirusaren ondorioz, 233 lagun daude ospitaleetan.
-
Basurtuko Ospitalearen ZIU. Artxiboko argazkia: EFE
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 1.576 positibo berri zenbatu dituzte, bezperan baino 4 gehiago, egindako 11.409 proba diagnostikoetan. Positibotasunak zertxobait gora egin du % 13,5etik % 13,8ra.
Lurraldeka, 157 positibo berri zenbatu dituzte Araban (bezperan baino 24 gehiago), 923 Bizkaian (41 gutxiago), 464 Gipuzkoan (31 gehiago) eta 32 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez.
Covid-19aren ondorioz 43 pertsona ospitaleratu zituzten, eta koronabirusa duten 60 pertsona ZIUetan daude, azken balantzeko kopuru berdinak. Koronabirusaren ondorioz, 233 lagun daude ospitaleetan, bezperan baino bat gehiago.
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 870,30 kasura igo da, eta, datuak lurraldez lurralde aztertuta, intzidentziak zertxobait behera egin du Araban eta Gipuzkoan, baina gora Bizkaian. Horrela, 656,55ekoa da Araban, 911,54koa Bizkaian eta 839,47koa Gipuzkoan.
Gazteen artean birusaren intzidentziak gora jarraitzen du: 10-19 adin tartean 2528,67 kasukoa da, eta 2749,84koa 20-29 adin tartean. 30 eta 39 urte artekoen artean, aldiz, intzidentzia txikiagoa da, baina batez bestekoaren gainetik jarraitzen du: 973,39.
Gaitzaren oinarrizko birsorkuntza tasa 0,99ra jaitsi da EAEn. Bizkaia da 1aren gainetik jarraitzen duen lurralde historiko bakarra (1,03); Arabak (0,93) eta Gipuzkoak (0,95) azpitik jarraitzen dute.
400 kasuen langa gainditu da berriro ere Nafarroan
Beste egun batez, gora egin dute covid-19 kasuek Nafarroan eta 404 kasu zenbatu dituzte asteazkenean. 400 kasuen langa gainditu arren, duela 7 eguneko 434 kasuen eta duela 14 eguneko 608 kasuen azpitik mantentzen dira oraingoz.