Gizartea
Donostiako Klasikoa
Honela eragingo du Donostiako Klasikoak hiriburuko zirkulazioan
M.E. | EITB Media
Lasterketak batez ere Donostiako erdigunean eragingo du, baina Igeldora bidea ere itxita egongo da larunbatean. Horrez gain, TAO, Dbus eta Taxi zerbitzuetan ere aldaketak izango dira.
-
Donostiako Klasikoa. Artxiboko argazkia: EFE.
Larunbat honetan, uztailak 31 ospatuko da Donostiako Klasikoa txirrindularitza lasterketa. Emakumezkoen irteera 09:15ean izango da, eta gizonezkoena 11:30ean. Lasterketaren ondorioz, hainbat mozketa egingo dira Donostiako eta inguruko udalerrietako errepideetan.
Ostiraleko 09:00etatik larunbateko 20:30ak arte Boulevard pasealekua itxita egongo da ibilgailuentzat, Legazpi kaletik Hernani kaleraino.
Bestalde, lasterketaren egunean 07:30ean itxiko dira Colon pasealekua, Boulevard, Hendani eta Andia kaleak eta Askatasunaren Hiribidea. Itxiera hori 20:00ak arte mantenduko da.
Uztailak 31
- Pasealeku Berria
Pasealeku Berria trafikoari, oinezkoei eta bizikletei itxita egongo da 20:00ak arte. Itxiera Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen eraikinetik aurrera egingo da Aquariumera arte. Uztailaren 26tik Pasealeku Berria itxita dago bertan barraken guneagatik.
- Salamanca pasealekua
Ibaiaren aldean dagoen espaloia eta bidegorria erabat itxita egongo da oinezko eta bizikletentzat, Kursaaleko zubitik Gipuzkoako Argazkilari Elkarteraino. Goizeko 08:00etik arratsaldeko 19:00ak arte.
- Igeldora bidea
Larunbat osoan zehar itxita egongo dira Igeldora igotzeko bideak.
Emakumezkoen lasterketa
Emakumezkoen lasterketaren irteera dela eta, 08:45etik 09:45era Boulevarda, Hernani kalea, Askatasun Hiribidea eta Zubieta kalean Antiguarantz bidean, guztiz itxita izango da.
Lasterketaren iritsierak hiriko sarreretan aldizkako hainbat mozketa eragingo ditu: Ategorrieta, Nafarroa eta Zurriola Hiribideak, Zurriola zubia, Erregina Erregeordea, Zubieta, Zumalakarregi (Añorgarantz), Tolosa hiribidea (Añorgarantz), Igara eta Igeldo igoera eta jaitsiera. 11:30etik aurrera, trafikoa erabat moztea aurreikusten da.
Gizonezkoen lasterketa
Gizonezkoen lasterketaren ondorioz, 11:00etatik 12:00etara Boulevarda, Hernani kalea, Askatasun Hiribidea, eta Zubieta kalean Antiguarantz bidean, guztiz itxita izango da.
Lasterketaren iritsierak hiriko sarreretan aldizkako hainbat mozketa eragingo ditu: Ategorrieta, Nafarroa eta Zurriola Hiribideak, Zurriola zubia, Erregina Erregeordea, Zubieta, Zumalakarregi (Añorgarantz), Tolosa hiribidea (Añorgarantz), Igara eta Igeldo igoera eta jaitsiera. 15:30etik aurrera, trafikoa moztea aurreikusten da.
Trafikoa eta garraio publikoa
TAO zerbitzuari dagokionez, Donostia bertako bizilagunak direnek eta aparkatzeko ziurtagiria dutenek (TAO txartela), 1-1, 1-2 eta 2-1 sektorekoek, hiriko edozein eremutan utzi ahal izango dute ibilgailua abuztuaren 2ra arte.
Hala ere, ezingo dute dohainik aparkatu derrigorrez ordaindu behar den eremuetan (15. eremua), ezarritako erregulazio ordutegiaren barruan.
Dbus zerbitzuak ere aldaketak jasango ditu eta Boulevardeko taxien geldiunea ez da erabilgarri egongo.