Gizartea
NAFARROA
Foru Gobernuak Nafarroako Auzitegi Nagusiari baimena eskatu dio egungo neurriak irailaren 2ra arte luzatzeko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gaur egungo foru agindua ostegunean, hilak 29, amaituko da; hori dela eta, Gobernuak foru agindu berri bat igorri du, indarrean dauden neurrien luzapena jasotzen duena: etxeratze agindua, talde bakoitzeko gehieneko pertsona kopurua, ospakizunak, herri bazkariak eta zezen-ikuskizunak.
-
Etxeratze agindua uztailaren 23tik dago indarrean Nafarroan. Argazkia: Jesus Angel Arana.
Nafarroako Gobernuak foru agindu berri bat helarazi dio nafarroako Justizia Auzitegi nagusiari, pandemia kontrolatzeko indarrean dauden neurriak irailaren 2ra arte luzatzeko. Izan ere, gaur egungo foru araua ostegun honetan, hilak 29, iraungiko da.
Gobernuak luzatu nahi dituen neurrien artean dago etxeratze aginduarena. Auzitegi horrek berak baimena eman zuen asteburu, jaiegun eta bertan behera utzitako jaien testuinguruan, covid-19aren arrisku larrian dauden udalerrietan 01:00k eta 06:00ak bitartean etxeratze agindua ezartzeko.
Arauaren arabera, espazio publikoetako bilerak gehienez 10 pertsonara mugatzen dira, elkarrekin bizi ez diren pertsonak badira. Bitartean, gune pribatuetan kopuru hori ez gainditzea eta hiru bizikidetza-unitate baino gehiagotako jendea ez elkartzea gomendatzen da.
Bestalde, ezin da kalejirarik egin, ez eta herri-bazkaririk eta zezen-ikuskizunik ere, ez bada zezen-plaza gisa sailkatuta dauden espazioetan.