Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Seme-alabak txertatzeko eskatu die Sagarduik gurasoei, “osasun publikoagatik”

I. R. | EITB Media

Osasun sailburuak deitoratu du “adingabeen txertaketaren kontrako zenbait mugimendu azaleratu” direla azken asteotan.

1:10
Haurren parke bat

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak dei egin die adingabeen gurasoei seme-alabak txertatzeko hitzordua eska dezaten. Izan ere, ohartarazi duenez, "garrantzitsua da gure seme-alabek lehenbailehen txertoa jartzea".

Adingabeen txertaketa defendatu du Sagarduik, "osasun publikoko, segurtasuneko eta elkartasuneko kontua delako". Era berean, adierazi du eskuragarri dauden txertoen hitzordu guztiak herritarren esku jartzen jarraituko dutela.

Ildo horretan, sailburuak gogoratu du dagoeneko 12 urtetik gorako edozein pertsonak eska dezakeela hitzordua, eta, beraz, "ez da itxaron behar Osakidetza gurekin harremanetan jarri arte".

Ospitaleetako gaixoak, gero eta gazteagoak

Bere agerraldian, Sagarduik Euskadiko bilakaera epidemiologikoaren berri eman du, eta deitoratu du atzoko positiboen (1.200) erdia baino gehiago 10 eta 29 urte arteko gizon-emakumeak izan direla. Halaber, astelehenean ospitaleratutakoen heren bat 40 urtetik beherakoak izan direla azpimarratu du, eta, beraz, ospitaleratutako gaixoen batez besteko adina 54 urtera jaitsi dela; kritikoen kasuan, 57,8 urtekoa da.

Sagarduik azaldu duenez, badirudi kutsatzeen hazkunde-abiadura murrizten ari dela. Hala ere, ospitaleratzeak areagotzen jarraituko dutela aurreikusi du, "nahiz eta profila gazteagoa eta ez hain larria izango den".