Itxi

Gizartea

Koronabirusaren semaforoa

Intzidentzia metatua 1.000tik gorakoa da EAEko 17 herrigune handitan

Olatz Prat | EITB MEDIA

Semaforoaren koloreak ez dira aldatu: Ermuak eta Legazpik laranjan jarraitzen dute, Usurbilek horian eta gorrian gainerako guztiak.

  • Grafikoa: EITB Media.

    Grafikoa: EITB Media.

OHARRA: Koloretako semaforoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako udalerrien egoera epidemiologikoa adierazten du, baina ez dakar herriak perimetralki ixtea, mugikortasuna librea baita alarma-egoera amaitu ondoren.

Semaforoaren koloreak ez dira aldatu bezperatik, EAE osoan udalerri handietako hiru baino ez daude eremu gorritik kanpo, Ermua eta Legazpi laranjan, eta Usurbil horian, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera.

EAEn 14 eguneko intzidentzia metatua 27 kasukoa da 100.000 biztanleko. 5.000 biztanletik gorako 17 udalerrik 1.000 kasuko intzidentzia gainditzen dute: Abanto Zierbena, Balmaseda, Bermeo, Lekeitio, Markina-Xemein, Mungia, Ondarroa eta Zalla Bizkaian, eta Azkoitia, Beasain, Hondarribia, Irun, Mutriku, Oñati, Ordizia, Tolosa eta Zumaia Gipuzkoan. Horien guztien artean, nabarmentzekoa da, Markina-Xemein 4815 kasuko intzidentzia metatuarekin.

Arabak (643 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian jarraitzen du, baita Gasteiz hiriburua ere. Era berean, 5.000 biztanletik gora dituzten Arabako beste hiru herriak (Agurain, Amurrio eta Laudio) ere gorrian daude.

Horrenbestez, ez dago udalerri handirik eremu laranjan, horian edo berdean Araban.

Bizkaia ere (831 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, Bilbo tartean; izan ere, semaforoa gorri dago 5.000 biztanletik gorako herri guztietan, Ermuan izan ezik. Ermuak, une honetan, 380 kasuko intzidentzia metatua du, eta laranjan mantentzen den arren, gune gorrian sartzetik gertu dago.

Bizkaian ez dago udalerririk eremu horian edo berdean.

Gipuzkoa (839 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, eta eremu latzenean daude oraindik hauek: Andoain, Arrasate, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga.

Legazpik laranjan jarraitzen du, 14 eguneko 392 intzidentziarekin. Usurbilek, oraingoz, eremu horian eusten dio, horiz dagoen EAEko udalerri bakarra da.

Horrenbestez, ez dago udalerririk eremu berdean.

Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.