Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

16 eta 17 urteko nafarrek hartu dezakete dagoeneko txertatzeko hitzordua

agentziak | eitb media

14.000 laguneko xede-populazioa da, eta txertaketa-agenda ireki zaie, adin handiagoko populazio-taldeetan txertaketak aurrera egin duelako eta behar adina dosi daudelako.

  • Pertsona bat txertoa hartzen.

    Pertsona bat txertoa hartzen. Argazkia: EFE

Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak covid-19 txertoaren aurkako hitzordua eskatzeko aukera zabaldu die 16 eta 17 urte bitarteko pertsonei eta, gaurtik, hitzordua eskatu ahal izango dute.

Nafarroan 14.000 pertsona inguru daude adin-tarte horretan eta horiei txanda eskatzeko aukera eman ahal izan zaie, batetik, abuztuan uste baino txerto gehiago iritsiko direlako, eta bestetik, beste adin tarteetako txertaketan aurrea egin delako, batez ere, 60 eta 67 urte bitartekoen txertaketan; horietako gehienei hila amaitzerako emango zaie bigarren dosia. 

Horrela, gazteen immunizazioan jarriko dira indarrak, intzidentziak biztanleria horri bereziki eragiten dion une honetan: uztailetik hona, kutsatutako hirutik bi (ia 8.700 positiboetatik 5.700 inguru, hau da, % 65,5) 15 eta 29 urte bitarteko adin-tartean daude.

Egoera horrek berak eraginda, pertsona horiek atzeratu egin behar dute txertoa hartzeko txanda; izan ere, gaixotasuna hartzen duten 65 urtetik beherako pertsonek sei hilabete itxaron behar dute dosia jaso baino lehen, eta horrek populazio-talde berrientzako txanda hutsak egotea ahalbidetzen du.

Gaur egun, 18 eta 29 urte bitarteko pertsonen % 56k jaso du txertoa edo datozen egunetan jasotzeko hitzordua dute. Nolanahi ere, Osasun Sailak lanean jarraitzen du txertaketa areagotzeko adin-talde honetan eta beste batzuetan.

Hala, joan den ostiralean SMS bat bidali zitzaien oraindik hitzordurik eskatu ez zuten 18 eta 29 urte bitarteko pertsonei. Era berean, gogorarazi diete 18 urtetik gorako pertsona guztiek, oraindik txertoa jartzeko Osasun Sailarekin harremanetan jarri ez direnek, hitzordua hartzeko aukera dutela, online eta telefonoz.