Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Nafarroak 441 positibo berri zenbatu ditu, eta bost egun daramatza 400 kasutik jaitsi ezinda

Berezi Fernandez | EITB MEDIA

Foru Erkidegoko ospitaleetan 76 gaixo daude ingresatuta, horietako 12 Zaintza Intentsiboetako Unitateetan.

  • Osasun langile bat diagnostiko proba bat egiten

    Osasun langile bat diagnostiko proba bat egiten. Argazkia: EFE

Nafarroak 441 covid-19 kasu berri atzeman ditu ostiral honetan (bezperan baino sei gutxiago), % 15eko positibotasun tasarekin. Hala, Foru Erkidegoak bost egun daramatza 400 positiboen langatik jaitsi gabe, Nafarroako Gobernuko Osasun Sailaren datuen arabera.

Foru Erkidegoko osasun sareko ospitaleetan zortzi gaixo ingresatu dituzte azken 24 orduetan, eta 76 dira une honetan covid-19ak jota ospitalean dauden pertsonak. Horietako 12 Zaintza Intentsiboetako Unitateetan daude, eta azken orduetan ez dute gaixo larri berririk ingresatu.

Ostiralean covid-19ak eragindako heriotzarik izan ez zen arren, ostegunean bi pertsona zendu ziren gaixotasunaren ondorioz. Azken 15 egunetan ez da heriotzarik egon, eta uztailaren 23ko bi hildakoek joera hautsi dute. Orotara, 1.195 pertsona hil dira Nafarroan pandemia hasi zenetik.

Herrietako datuei erreparatuta, aipatzekoak dira Sarrigureneko 18 kasu berriak. 13 positibo berri atzeman dituzte Barañainen, 10 Zizur Nagusian, 9 Burlatan zein Lizarran, 8 Milagron eta 24 Tuteran.

Iruñeko auzoei dagokienez, 22 positibo zenbatu dituzte Errotxapean, 17 II. Zabalgunean, 16 Mendillorrin, 15 Alde Zaharra-I. Zabalgunean eta 10 Sanduzelain.

Etxeratzeko agindua, positibo tasa altua duten udalerrietan

Azken egunotako datuak mahai gainean, Nafarroako Gobernuak eta Justiziak neurriak hartzea ebatzi dute. Izan ere, gaurtik aurrera, etxeratzeko agindua izango dute egoera epidemiologiko larrian dauden udalerrietan.

Neurri honek 600.000 pertsonarengan izango du eragina eta asteburuetan eta jai egunetan soilik izango da indarrean. Arauak, baina, salbuespen bat aipatzen du: posible izango da lanegunetan ere aplikatzea, udalerria egoera larrian badago eta herri horretako festak badira.

Gaur goizaldetik hasita, Nafarroako 141 udalerritan ezin izango dute etxetik mugitu goizaldeko 01:00etatik 06:00etara.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.