Gizartea
2021-2024 plana
Kirolean euskara sustatzeko plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak
EITB Media
Kirola funtsezkoa da, idatzian jaso dutenez, aisialdian eta eremu ez-formaletan euskara sustatzeko. Euskarazko harremanak bultzatu nahi ditu jokalari, entrenatzaile eta epaileen artean.
-
18 urtetik beherako gazteen euskararen erabileran eragitea da egitasmoaren helburua
Eusko Jaurlaritzak "Kirolean Euskara Sustatzeko 2021-2024 Plana" aurkeztu du gaur Donostian, kirolean aritzen diren 18 urtetik beherako gazteen euskararen erabileran eragiteko eta jokalarien artean entrenatzaileekin eta epaileekin harremanak euskaraz ematea sustatzeko.
EAEko eremu soziolinguistiko desberdinak kontuan hartuko dira plana garatzeko, eta tokian tokiko helburu eta ekintzak finkatuko dira. Gainera, 2021-2024 planak futbola, saskibaloia eta errugbia lehenetsiko ditu, EAEn lizentzia kopurua handiena duen kirola, euskararen erabilera barneratuen duena eta generoen arteko berdintasun handiena duena baitira, hurrenez hurren.
Kirolean euskara sustatzeko planak lau oinarri nagusi ditu, ohar batean azaldu dutenez: trebakuntza (entrenatzaile eta epaileak euskaraz trebatuko dira), erabilera (entrenatzaile, epaile eta beste jokalariekiko harremanetan euskara erabiltzea bilatuko dute), berrikuntza (entrenatzaile eta epaileen trebakuntzan "teknologia berriak" erabiliko dituzte) eta sustapena (klubetan euskara planak eta euskararen aldeko kontzientzia piztea dute helburu).
Gaur aurkeztutako plana indartzeko helburuz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kanpaina berezi bat jarri du abian, "Euskara, Bihotzetik Ezpainetara" lelopean. Horrela, kirolean, jokalarien artean, entrenatzaile eta jokalarien artean edota epailearen eta jokalarien artean harremana euskaraz izatea posible dela erakusten du komunikabideetan datozen hilabeteetan ikusgai egongo den kanpainak.