Gizartea
Koronabirusa
Jarduera ekonomiko guztiak 01:00ean itxiko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
EITB Media
Establezimendu eta ekitaldi guztietan edukierak gehiago mugatuko dituzte. Halaber, hiriguneetan musukoa erabiltzea nahitaezkoa izango da. Neurri berriak larunbat honetan egongo dira indarrean. Edukierari lotutakoak, berriz, astelehenetik aurrera bete beharko dira.
Ostalaritza eta gainerako jarduera ekonomiko guztiak ixteko ordutegia 02:00etatik 01:00era aurreratzeko erabakia hartu du Iñigo Urkullu lehendakariak zuzentzen duen LABI instituzionalak, koronabirusaren hedapena gelditzeko asmoz.
Hain justu ere, 1.801 positibo detektatu zituzten atzo Euskal Autonomia Erkidegoan, pandemia hasi zenetik inoizkorik gehien.
Dekretu berria ostiral honetan, uztailaren 23an, argitaratuko dute, eta murrizketak larunbatean, uztailaren 24an, sartuko dira indarrean.
Horrez gain, lokal eta establezimendu guztietan, tartean ostalaritzan, edukiera-muga % 35era murriztuko dute. Edukierari lotutako neurri berriak, baina, datorren astelehenean ezarriko dira, ez larunbat honetan.
Halaber, astelehenetik aurrera jarduera sozialetan, ekintza kulturaletan eta kirol ekitaldietan bil daitezkeen pertsonen kopurua ere gehiago mugatuko dute. 1.600 pertsonarentzako edukiera duten tokietan, 400 sartu ahalko dira barrualdean, eta 600, kanpoaldean.
Edukiera 1.600 eta 5.000 pertsona artekoa bada, 600 ikusle sartu ahalko dira barrualdean, eta 800, kanpoaldean. 5.000 lagunetik gorako eremuetan, berriz, gehienezko edukiera % 20koa izango da.
Alabaina, gaur baino lehenago kontratatutako ekitaldietan (kontzertuak, kongresuak, ezkontzak...) ez da edukiera-muga berria bete beharko.
Bestalde, LABIk gogora ekarri du aire zabalean musukoa erabiltzea derrigorrezkoa dela, 1,5 metroko segurtasun-tartea mantendu ezin bada. Hala, dekretuak zehazten du "maskararen erabilera nahitaezkoa" izango dela "jendea dabilen hiriguneetan".
Espainiako Diputatuen Kongresuak onartutako errege lege-dekretuak dagoeneko jasotzen du baldintza hori, baina lehendakariak adierazi du arau hori gehiago "zehaztea" eta "indartzea" erabaki duela LABIk.
Bestalde, dekretu berrian arduraz jokatzeko deia egiten zaie herritarrei. Hala, kutsatuta egonez gero eta positibo baten kontaktu estua izanez gero aztarnariei abisua ematea eta konfinatzea ezinbestekoa dela gogoratzen du.
Horrez gain, nork bere borondatez betetzeko hainbat gomendio aipatzen dira dekretuan: 01:00etik 06:00etara etxean geratzea; taldean sei pertsona baino gehiago ez biltzea; eta covid-19aren sintomak izanez gero, etxean konfinatzea eta Osakidetzarekin harremanetan jartzea.
"Gehiegi erlaxatzea akatsa" dela eta pandemia ez dela amaitu azpimarratuta, lehendakariak "ahalegin bat gehiago" eskatu dio gizarteari.
Urkullu atea ireki dio bide judizialari
Azken egunetan, Urkullu hainbat aldiz zuzendu zaio Pedro Sanchezi musukoa berriro derrigorrezkoa izan dadin aire librean, eta gaueko mugikortasuna murriztu ahal izateko berme juridikoak eskatzeko.
Alabaina, Espainiako Gobernuko presidenteak Espainiak Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordean hartutako erabakiak bere horretan mantentzea erabaki du. Testuinguru horretan, lehendakariak iragarri du ez duela baztertzen auzitegira jotzea etxeratze-agindua ezarri ahal izateko.
Orain arte Eusko Jaurlaritzak beti baztertu du bide judiziala murrizketak ezartzeko.