Itxi

Gizartea

Costumero auzia

Bizkaiko Auzitegiak absolbitu egin ditu Gizarte Ekintzako diputatua eta hiru langile, Costumero auzian

O.p. | eitb media

Bizkaiko Foru Aldundiak deitoratu egin du bere lau langileek jasandako kalte pertsonal "konponezina", eta Irune Costumerok dagoeneko aurreratu du helegitea aurkeztuko duela Bizkaiko Auzitegiak hartutako erabakiaren aurka.

2:50
Froga nahikorik ez dagoela dio sententziak

Bizkaiko Auzitegiak absolbitu egin ditu Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatua eta Bizkaiko Foru Aldundiko Haurren Zerbitzuko hiru funtzionarioak, prebarikazio, tratu txar eta lesio psikologikoen ustezko delituengatik, 2017ko foru-agindu baten harira egindako epaiketan. Agindu horren bidez, Irune Costumeroren alaba adingabearen zaintza bere gain hartu zuen erakundeak, eta aitari utzi zion, aurrez zaintza partekatua agindu zuen epaileari kontsultatu gabe. 5 urte eta 6 hilabeteko espetxe-zigorra eskatzen zuen akusazioak akusatuentzat, baina, azkenean, absolbitu egin dituzte. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundia ere absolbitu dute (arduradun zibil subsidiario gisa eraman zuten auzitara).

Irune Costumerok Foru Aldundia salatu zuen "Gurasoen Alienazioaren Sindromea" (GAS) sindrome faltsua argudiatuta kendu ziotelako alabaren zaintza. Sindrome hori ez du nazioarteko erakunde mediko edo psikiatriko batek ere onartzen, baina prozesu judizialetan aplikatzen da, askotan amei haurrak kentzeko, aita ikusi nahi ez duten umeek sindrome hori dutela argudiatuz.

2017an banandu zuten umea amarengandik, eta kasua ez zen ordutik epaitegietara iritsi, etengabe saiatu arren. Orduz geroztik, aitarekin bizi da haurra.

Ekainaren 7tik 9ra bitartean egindako epaiketan, akusatuak gezurretan ari zirela adierazi zuen Irune Costumerok, eta alaba "indarkeriaz" kendu ziotela esan zuen "existitzen ez den sindrome baten aitzakian", haurrari aitarekin zergatik ez zuen joan nahi galdetu ere egin gabe. Horren hitzetan, Costumero alabarekin "ihesi" atera zen, aita tratu txarrengatik salatu ostean. Azaldu zuenez, aitak "bahitu" egin zuen haurra, 21 hilabete zituenean, eta "leku ezezagun batean" eduki zuen. Costumerok adierazi zuenez, epe horretan ez zuen jakin haurra "bizirik edo hilda zegoen" ere, eta gogoratu zuen Osakidetzak hiru aldiz zabaldu zituela aitaren aurkako prozedurak adingabeari tratu txarrak emateagatik, "nahiz eta epaileak ulertu lesioak ez zirela aitarekin ez itzultzeko bezain larriak".

Akusazioak bere defentsarako aurkeztutako lekuko gisa, talde psikosozialak adierazi zuen ofizioz jardun zuela, "kasuaren garrantzia tarteko", "Bizkaiko Foru Aldundiaren Haurren Zerbitzuaren esku hartzea beharrezkoa" zela ondorioztatuta. Auzitegiko forentseek 2016an egin zuten kasuaren balorazioa, Barakaldoko Gizarte Zerbitzuek Costumero auzia Bizkaiko Foru Aldundiaren Haurren Zerbitzuaren ardurapean utzi eta gero, "babesgabetasun arrisku larria" eta "tratu txar emozionala eta gurasoen arteko gatazken instrumentazio zantzuak" ikusita.

Aldundiak adin txikikoaren aldi baterako zaintza bere gain hartu zuen orduan, foru lege bat sinatuta, haurrari "berehalako arreta" emateko. Hala, umea aitarekin egotea erabaki zuten eta amari bisita erregimena ezarri zioten.

Auzipetze autoan jasotzen zenez, auzibidean argudiatu zen Costumerok "Gurasoen Alienazioaren Sindromea" deritzona eragiten ziola neskatoari. Horren ondorioz, NBEk txosten bat bidali zion 2020ko irailean Espainiako Gobernuari, azalpenak eskatzeko; izan ere, txostenak azaltzen zuenez, 2013an epaitegi batek Costumero eta haren bikotekide ohiaren artean zaintza partekatua adostu ondoren, aitak salaketa jarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-zerbitzuen aurrean, esanez alabak aitarekin denborarik ez pasatzea bultzatzen zuela amak; hala, Aldundiak jarduerei ekin zien. Costumerok bikotekide ohia salatu zuen tratu txarrengatik, baina absolbitu egin zuten.

Bizkaiak kalte "konponezina" deitoratu du

Bizkaiko Foru Aldundiak deitoratu egin du bere lau langileek jasandako kalte pertsonal "konponezina", Irene Costumerok prebarikazio administratiboa, tratu txarrak eta lesio psikologikoak egotzi izanaren ondorioz.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren absoluzio-epaiaren ostean Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi duenez, "erabaki judizial horrek egiaztatu egiten du Gizarte Ekintza Saileko langileek eta Bizkaiko Foru Aldundiak berak gizarteak eskatzen duen zorroztasunez eta profesionaltasunez jokatu dutela".

Horrez gainera, deitoratu egin du "prozesu judizial honen tratamendu publikoak, eremu batzuetan, kalte pertsonal konponezina, beharrezkoa ez dena eta bidegabea eragin diela inplikatuei, eta, horrenbestez, Bizkaiko Foru Aldundi osoari". Hori dela eta, "hausnarketa kolektibo sakona" eskatu du etorkizunean antzeko egoerak saihesteko. "Denak ez du balio", gaineratu du.

Azkenik, Bizkaiko gizartearen alde egiten duten lana "orain arteko kaudimenarekin" egiten jarraitzeko eskatu die langileei, eta Bizkaian bizi diren pertsona guztientzat etorkizun "hobea" izateko konpromisoa berretsi du.

Bestalde, Irune Costumerok aurreratu du helegitea aurkeztuko duela Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Haurren Zerbitzuko hiru funtzionarioen absoluzioaren aurka.