Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Lurralde arteko Osasun Batzordeak musukoen derrigortasuna eztabaidatuko du

o.p. | eitb media

Hainbat erkidegok, tartean EAEk, Estatu mailako esparru legala ezartzeko eskaera egin dute, nork bere lurraldean neurriak hartu ahal izateko.

  • Carolina Darias, Osasun ministroa.

    Carolina Darias, Osasun ministroa. Argazkia: artxiboa

Gaur arratsaldean Espainiako Gobernuko Lurralde arteko Osasun Batzordea bilduko da, bideokonferentziaz eta Carolina Darias Osasun ministroak gidatuta. Mahai gainean, beste gai batzuen artean, hainbat erkidegok musukoak kanpoan ere erabiltzeko derrigortasuna ezartzeko eskaera, tartean EAErena.  

Urukulluren Exekutiboak gaur bilera horretara eramango duen eskaera, asteburuan aurreratu zuen, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari zuzenean eskatu baitzion musukoaren erabilera nahitaezko izatea. EAErekin batera, neurri horren aldekoak dira Katalunia, Gaztela eta Leon eta Balearrak.

Hainbat erkidegok neurri komunak eskatu dituzte Estatu osorako, baita 'aterki' legal bat ere, egoera epidemiologikoa zailagoa den erkidegoetan neurri murriztaileak hartu ahal izateko.

Oraingoz, erkidego bakoitza bere kabuz neurriak hartzen saiatzen ari da, baina lurralde auzitegien ezezkoekin topo egiten ari dira neurriak ezarri ahal izateko. Kanariar Uharteetako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du, esaterako, Kanarietako Gobernuak agindutako etxeratze agindua.

Urkulluren Gobernuak berak behin baino gehiagotan egin du topo Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren ukoarekin zenbait neurri hartu edo mantentzeko, besteak beste, itxitura perimetralak, etxeratze-agindua eta ostalaritzako mugak.

Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiak, ordea, inzidentzia handiena duten herrietan etxeratze-agindua ezartzeari oniritzia eman dio berriki. Nafarroako Gobernua Justiziaren erantzunaren zain dago asteazken honetatik aurrera ordutegi muga ezartzeko.

Bilera 16:00etan hasiko da, eta Carolina Darias Osasun ministroak prentsaurrekoa emango du, 18:30etik aurrera, Kontseiluan hitz egindakoaren berri emateko.

Maskararen araua "nahikoa" da betetzen bada

Maria Jose Sierra Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko (CCAES) buruak astelehen honetan adierazi duenez, erkidegoak transmisioa kontrolatzeko "beti funtzionatu" izan duten neurriak "oso egoki" hartzen ari dira, hala nola gaueko aisialdia mugatzea. Nahiz eta kasuak ugaritu eta ospitaleetan horren isla nabaritu, kanpoko maskararen erabileraren araua bere horretan mantentzea "nahikoa" dela esan du.

CCAESeko bigarrenak gogorarazi duenez, aire librean musukoa kendu dezakegu soilik baldin eta 1,5 metroko segurtasun-tartea mantendu badaiteke; "barrualdean, beti da guztiz beharrezkoa maskara erabiltzea".

Sierrak esan duenez, "neurri horiek beteko balira, maskara erabiltzearen edo ez erabiltzearen arriskuak ez du inplikaziorik". Bere ustez, une honetan "nahikoa da" araua dagoen bezala mantentzea eta ez da beharrezkoa musukoaren erabilera kanpoaldean nahitaezko izatea, erkidego batzuek eskatu bezala.