Ume lapurtuak
Legez kanpoko adopzioak
Jaurlaritzak haur lapurtuen auzia koordinatzeko batzordea osatu du
Erredakzioa
Osasuna, Justizia eta Herrizaingo Sailak parte hartuko dute batzorde horretan. Fiskaltza guztira 194 salaketa ikertzen ari da Euskadin, erdia baino gehiago Gipuzkoan ipinitako salaketak dira.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Herrizaingo Sailak eta Justizia Sailak osatutako batzorde batek egingo du Euskadiko ume lapurtuen auziaren jarraipena, Idoia mendia Jaurlaritzako bozeramaileak eta Justizia sailburuak adierazi duenez.
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiarekin bildu da gaur Idoia Mendia, legez kanpoko adopzioen auzien gaia aztertzeko.
194 salaketa EAEn
EAEn, ume lapurtuen auzia dela eta, guztira 194 salaketa daude. Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak adierazi duenez, Gipuzkoakoak dira salaketa gehienak, 126, hain justu. Horien artean 9 artxibatu daude jada eta gainerakoak ikertzen ari dira.
Araban Fiskaltza 31 salaketa ikertzen ari da eta Bizkaian, berriz, 48.
Bilera kaltedunen elkarteekin
Mendiaren eta Calparsororen arteko batzarra Jaurlaritza kaltedunen elkarteekin bildu baino egun bat arinago gauzatu da. Jaurlaritza Anadir eta SOS ume lapurtuak elkarteetako ordezkariekin bilduko da bihar (ostirala) goizeko 10:00etan Gasteizen. Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, "azken albisteen" eta irekitako prozeduren egoeraren berri emango diete bertan.
"Koordinatu egingo gara Osasun, Herrizaingo eta Justizia Sailak elkarlanean aritzeko batzordea osatuko dugu", esan du Mendiak. Hala, biharko bileran, esaterako, hiru Sailetako ordezkariak izango direla adierazi du.
Halaber, bilera horiek sei hilabetero egingo dituztela azaldu du Mendiak, "ezohiko kasuetan izan ezik", izan ere, bere ustez, "ikerketak aurrera eraman eta bidean topatu daitezkeen trabak zeintzuk diren ikusteko beharrezko denbora" da hori.
Juan Calparsorok EAEko fiskal nagusiak adierazi duenez, Bizkaiko kasu baten ikerketa da, oraingoz, aurreratuena. Haur baten hilobia zabaldu zuten, baina, bertan ez zuten ezer aurkitu, hutsik zegoen, eta haur jaioberri horren erditzean izan zen ginekologo batek jada inputatu gisa deklaratu du.
Gorpurik ez hilobietan
Gipuzkoan ustez jaioberriak hilobiratuta zeuden hainbat hilobi ireki dituzte, bat Donostian eta bestea Itsasondon, bi kasu horietan ere, ez dute gorpuzkirik aurkitu. Baina, oraingoz ez dago "inor inputatuta".
Calparsorok Fiskaltzak "Ertzaintzaren polizia judizialarekin harreman estua" duela azpimarratu du, "oso lan zorrotza" egiten ari direla erantsi du, eta "zaila" izaten ari dela, batik bat, "pasa den denboragatik", izan ere, kasu batzuk 1940urtekoak dira.