Gizartea
KORONABIRUSA
Positiboen kopuruak milatik gora jarraitzen du Euskadin, eta ZIUetako okupazioak gora egin du
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
1.010 positibo berri atzeman dituzte EAEn eta zortzi gaixo gehiago daude zainketa intentsiboetako unitateetan, 42 baitira jada. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez Donostiako Aldekonea adinekoen egoitzan hiru positibo berri atzeman dituzte.
Euskadik bost egun daramatza mila positibo berri baino gehiago atzematen, atzo 1.010 kasu atzeman ondoren, bezperan baino bat gutxiago. Gainera, igandean 36 pertsona ospitaleratu zituzten EAEn, bezperan baino bost gehiago, eta 42 gaixo kritiko zeuden ZIUetan, zortzi gehiago.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian atzeman dituzte positibo berri gehien, 479; 398 atzeman dituzte Gipuzkoan, eta 112, berriz, Araban. Horiez gain, EAEtik kanpo bizi diren 21 pertsonak eman dute positibo EAEn egindako probetan, Eusko Jaurlartzako Osasun Sailak jakitera eman duenez.
Arabako eta Bizkaiko lurraldeak eta bi hiriburuak, Gasteiz eta Bilbo, eremu gorrira igaro dira astelehen honetan, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Halaber, beste 17 udalerri handi batu dira gune latzenera.
Atzo 7.927 proba egin zituzten eta positibotasun tasa % 12,4ra igo zen (larunbatean baino puntu bat gehiago); beraz, bosgarren egunez jarraian, % 10etik gora dago adierazle hori.
Intzidentzia-tasa metatua 548,34an dago jada (bezperan baino 29,2 gehiago). Gipuzkoak jarraitzen du egoera okerrenean, intzidentzia metatua 644,31ekoa baita. Araban 428,92an dago eta Bizkaian 483,88an.
Atzo atzemandako lau positibo berrietatik hiru (% 75,7) 40 urtetik beherakoak dira (765 positibo berri), eta intzidentzia metatua oso handia da 17 eta 18 urteko gazteen artean, 3.311,67 kasu izan baitira 100.000 biztanleko 14 egunetan.
Atzo, 206 gaixo zeuden ospitaleratuta, bezperan baino 31 gehiago. Bazen hilabete eta erdi (ekainaren 8tik) ospitaleratutakoen kopurua ez zegoela 200tik gora igarotzen.
Igande honetan gaixo larrien kopuruak gora egin zuen, egun batean 34tik 42ra pasa baitziren, eta baita gela arruntetan ospitaleratzen dituzteb gaixoen kopuruak ere, 31tik 36ra igo baita.
Datu positiboa R0k eman du; izan ere, goranzko joera luze baten ondoren, murriztuz joan da azken egunetan, eta hiru egun jarraian egin du behera adierazle horrek.
Ostiralean R0 1,40an zegoen eta atzo 1,30era jaitsi zen. Jaitsiera hori hiru lurraldeetan gertatu da: Araban 1,40tik 1,30era, Bizkaian 1,42tik 1,34ra eta Gipuzkoan 1,37tik 1,26ra jaitsi da.
Hiru positibo berri Donostiako egoitza batean
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Donostiako Aldakonea egoitzako erabiltzaileen artean covid-19aren hiru kasu positibo berri atzeman dituzte.
Foru erakundeak azaldu duenez, positibo eman duten hiru pertsonek txertoa jaso dute, eta horrenbestez, ez dute sintomarik. Hala ere, prebentzioz, Eibarko covid-19 zentro berezira eraman dituzte.
Une hauetan, zazpi pertsona daude Ordizian eta Eibarren covid-19ari aurre egiteko bereziki prestatutako adinekoen egoitzetan. Aldundiak jakinarazi duenez, zortzi positibo aktibo daude Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.