Gizartea
Goizaldeko jende pilaketak
Ertzaintzako zuzendariaren hitzetan, orokorrean "gazteek lagundu" dute
EiTB Media | Agentziak
Ertzainek zein udaltzainek goizaldeko elkarretaratzeak desegiteko orduan "neurriz eta modu mailakatuan" ekin dute, Rodrigo Gartziak Radio Euskadin azpimarratu duenez.
-
Rodrigo Gartzia Ertzaintzako zuzendaria. Irudia: Radio Vitoria
Rodrigo Gartzia Ertzaintzako zuzendariaren esanetan, orokorrean "gazteek lagundu" dute, "erantzukizuna eta egoerari eusteko" eskatu zaienean. Udari begira "azken esfortzu" bat eskatu die.
Ertzainek zein udaltzainek goizaldeko jende pilaketak desegiteko orduan "neurriz eta modu mailakatuan" ekin dute, Gartziak Radio Euskadin azpimarratu duenez.
Elkarrekin bizi ez diren pertsonak 00:00etatik 06:00etara biltzeko debekua mintzagai izan du Gartziak Radio Euskadin.
Zehaztu duenez, igande goizaldean istilu txikiak izan dira Euskadiko zenbait udalerritan, baina "jai denboraldian murgilduta gaudela kontuan hartuta", lehendakariaren dekretu barik liskarrak handiagoak lirateke.
Azken orduetan Santurtzi, Lekeitio, Sukarrieta, Plentzia, Bakio, Zornotza eta Markinan (Bizkaia) eta Oñatin eta Eibarren (Gipuzkoa) istilu txikiak izan direla adierazi du Ertzaintzako buruzagiak. Guztira, 26 pertsona identifikatu eta 11 salaketa aurkeztu dituzte.
"Ekiten dugunean neurriz eta modu mailakatuan egiten dugu. Egiten den aurreneko gauza informatzea da, eta gehienetan jendeak jaramon egin eta alde egiten du", azaldu du.
Bestalde, Ertzaintza eta udaltzaingoak "elkarrekin" lanean ari direla azpimarratu du Gartziak. Ia 11.000 polizia ari dira elkarlanean, "arazoak konpontzeko nahikoak", esan du.
"Euren lana aintzat hartzen dela ikusten dute poliziek, baina egoera honetan araudiak bateratzea faltan botatzen dute, modu ordenatuago batean aurre egin ahal izateko", deitoratu du, erkidego bakoitzaren legedi ezberdinei erreferentzia eginez.
Bestalde, aurreneko alarma egoera baliogabetzeko Auzitegi Konstituzionalaren erabakia hizpide izan du Gartziak. Epaiak "isunak jartzeko zabaldu ziren espedienteak gelditu ditu", onartu duenez.
Ezarri diren 20.000 isunetatik 5.000 ordaindu dituzte dagoeneko, eta milioi eta erdi euro suposatu dute. "Hori da zalantza orain, zer egingo da horiekin?", erantsi du.
Azkenik, mugikortasuna oinarrizko eskubide bat dela nabarmendu ondoren, osasun eskubidea ere existitzen dela gogorazi die Gartziak epaileei: "kontuan izan beharra dute". Horregatik, "epaiak bizi dugun testuingurura egokitu behar dituzte", gaineratu duenez.