Itxi

Gizartea

Liskarra

Lau atxilotu eta bi zauritu Donostiako taberna batean izandako borrokan

EiTB Media | Agentziak

Gertakariak 02:00ak aldera jazo dira Loiola auzoko taberna batean, lekuko batek Ertzaintzari abisua eman ondoren.

  • Donostiako kale bat, gauean. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

    Donostiako kale bat, gauean. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Ertzaintzak 17 eta 25 urte arteko lau gazte atxilotu ditu Donostian, taberna batean izandako borrokan parte hartzea egotzita. Gainera, bi pertsona zauritu dira liskarrean.

Segurtasun Sailak ohar batean jakitera eman duenez, gertakariak 02:00ak aldera jazo dira Loiola auzoko taberna batean, lekuko batek Ertzaintzari abisua eman ondoren.

Ertzainak bertaratu direnean, pertsona talde bat konorterik gabe lurrean zegoen gazte bat laguntzen aurkitu dute.

Pertsona hori eta beste bat artatzeko osasun langileei abisua eman ondoren, ertzainek gertatutakoaren inguruko informazioa bildu dute tokian bertan. Antza denez, bigarren zaurituak "gorputz osoan kolpeak" eta masailezurra hautsita zituen.

Ondoren Ertzaintzak ustezko egileak bilatzeko dispositiboa jarri du martxan, eta lau gazte topatu ditu Loiolako hondakin-uren araztegira bidean. Lekukoek emandako deskribapenarekin bat etortzen ziren.

Gainera, gazteetako batek zapatila bakarra zuen jantzita, liskarraren tokian topatutako bera.

Lesio delitua leporatuta, lau gazteak atxilotu eta ertzain-etxera eraman dituzte. Bi zaurituak ospitalera eraman dituzte.