Gizartea
KORONABIRUSA
491 positibo berri zenbatu dituzte Nafarroan, zortzi eguneko igoerari amaiera emanez
EITB MEDIA
Iruñea, Zizur Nagusia eta Barañain dira kasu berri gehien agertu diren udalerriak. Atzo 3.440 proba diagnostiko egin zituzten, eta % 14,3k eman zuten positibo.
-
Hainbat gazte Foremen, proba diagnostikoak egiteko ilaran. Argazkia: EFE
Nafarroako Foru Gobernuak jakitera eman duenez, zortzi egunez covid-19 kasu berriak igo eta igo aritu ostean, 491 positibo atzeman zituen ostiral honetan Osasun Departamentuak, bezperan baino 131 gutxiago. Iruñea (Mendillorri, Arrotxapea eta Alde Zaharra auzoetan bakarrik 22, 18 eta 17na positibo daude), Zizur Nagusia (18) eta Barañain (18) dira kasu berri gehien agertu diren herriak.
Atzo 3.440 proba diagnostiko egin zituzten, eta % 14,3k eman zuten positibo.
Asteari dagokionez, 484 kasu berri diagnostikatu zituzten astelehenean, 532 asteartean, 608 asteazkenean, 622 ostegunean eta 491 ostiral honetan.
Foru Erkidegoak 2020ko urrian izandako olatu handiaren antzeko zenbakiak erregistratu ditu azken egunotan, baina oraingo honetan ospitaleak ez dira orduko egoera larrira iritsi.
Hori bai, kasuen gorakada hasi da osasun zentroetan islatzen: ostiralean 14 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten, bat ZIUN. 50 pertsona zeuden plantan eta 12 Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Duela astebete 29 lagun ziren planta eta 11 ZIUn.
Asteazkenetik aurrera etxeratzeko agindua ezarriko dute muturreko arriskuan dauden udalerrietan
Maria Chivite Nafarroako presidenteak datorren astetik aurrera Foru Erkidegoan indarrean sartuko diren neurriak aurreratu ditu, covid-19 pandemiaren bilakaera ikusita: muturreko arriskuan dauden udalerrietan etxeratzeko agindua 01:00etatik 06:00etara; bilerak 10 pertsonara mugatuko dituzte kanpoaldean, eta herri bazkariak, kalejirak eta kaleko zezen-festak bertan behera geratuko dira.
Muturreko arriskuan dauden udalerrien zerrenda asteartean argitaratuko dutela erantsi dute, etxeratzeko agindua non aplikatuko den zehazteko.
Koronabirus kasuak atzemateko orduan "Nafarroa buruan" dela azpimarratu du Chivitek: "Kasuak bilatzen baldin badituzu, azkenean aurkituko dituzu". "Autobusetan baheketa egin duen erkidegorik ez dut ikusi", gogorarazi du.
"Ospitaleratzeen gorakada txiki bat izaten ari gara", onartu du.