Itxi

Gizartea

Bizkaia

Baliteke Usansolo 2022ko azken hilabeteetan Galdakaotik desanexionatzea

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Desanexio-prozesuan, aurrerapausoa izan da ostegun honetan; izan ere, Udalean burutu egin dituzte banantze-tramiteak.

  • Usansolo Bediatik ikusita.

    Usansolo Bediatik ikusita. Argazkia: Imanol Aragon

Baliteke Usansolo auzoa Galdakaotik independizatzea 2022ko azken hilabeteetan, baldin eta desanexio-prozesuan ezustekorik ez badago. Prozesu horretan, aurrerapausoa izan du ostegun honetan; izan ere, Udalean burutu egin dituzte banantze-tramiteak.

Prozesu honetarako sortu duten udal-batzordeak gehiengo osoz onartu du prozesua burutzeko foru-legeak zehazten dituen baldintzak bete diren azaltzen duen memoria; EAJ abstenitu egin da.

Memorian, besteak beste, Galdakaoko eta Usansoloko etorkizuneko lurralde-mugak daude jasota, baita bi udalerrietako ondareak eta aurreikuspenen estimazio bat ere; hala esan dute ostegun honetan Usansolo Herria plataformako arduradunek.

Dokumentua onartuta, desanexio-prozesua Bizkaiko Foru Aldundira iritsiko da; Aldundiak dokumentazioa aztertu beharko du, eta epea zabalduko da, herritarrek alegazioak aurkeztu ahalko dituzte.

Tramiteak gauzatuta, Galdakaoko udalbatzak desanexio-prozesua onartu beharko du; azkenean, Bizkaiko Batzar Nagusietan onartu beharko dute. Usansolo Herriaren aurreikuspena da hori 2022ko azken hilabeteetan gertatzea.

Plataforma horretako ordezkariak pozik agertu dira memoria onartuta, eta azpimarratu dute akordioa garrantzitsua dela; izan ere, Udalak, hainbat urtez, desanexio-prozesua blokeatu izan du.