Itxi

Gizartea

Elkarrizketa

Zupiria: "Ondo legoke Espainiako Estatuak egoera honi aurre egiteko legea izatea"

EITB Media

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gauerdian indarrean sartuko den dekretuaren nondik norakoak azaldu ditu.

  • Zupiria, aurreko elkarrizketa batean.

    Zupiria, aurreko elkarrizketa batean. Argazkia: EITB Media

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berriro eskatu dio Pedro Sanchezen Gobernuari "adostasunez idatzitako eta onartutako lege bat onartzea", egun bizi ditugun horrelako egoerei aurre egiteko beharrezkoak diren tresna legalak gobernuei ematea bermatzeko. Bingen Zupiriak Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan azpimarratu duenez, "martxotik hona faltan botatzen da aukera hori, eta gaur, oraindik, Sanchezen Gobernuak ez dio erantzun egoera horri".

Eusko Jaurlaritzako bozeramailea Auzitegi Konstituzionalaren epaiari buruz aritu da gaur; izan ere, dioenez, horrek "ondorio praktikoak" izango ditu, hala nola "alarma egoeran ezarritako zigorrak balizkoak diren ala ez zalantzan jartzekoa". Hala, esan du horrek berretsi egiten duela "gorako mailako lege bat izateko beharra".

Zentzu horretan, Zupiriak onartu du etxeratze-agindua baztertu dutela "bere garaian Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari beharrezkoak ziren kontsultak egin genizkiolako, eta horrek erantzun zuelako alarma egoera indarrean ez zegoenez ez zegoela segurtasun nahikorik agindua bermatzeko". Hori dela eta, berretsi du falta direla "goragoko lege-arauak".

Gaur gauerdian indarrean sartuko diren aldaketen harira, Gobernuko bozeramaileak azpimarratu du dekretuak "indarrean zeuden neurriak" errepikatzen dituela, eta, aldi berean, gogoratu du "pilaketak saihestu beharko genituzkeela eta ez genukeela musukoa baztertu behar, inola ere".

Gobernuko bozeramaileak azpimarratu duenez, "kutsatzeak gertatzen ari diren uneetan jartzen ari da arreta", eta jarraitu du esanez "eguneko edozein unetan, bileratan, ezkontzetan... pertsona pilaketak gerta daitezkeela". Hala, nabarmendu du "une horietan maskarak alde batera uzten ari garela", eta herritarren laurdenak ez duela oraindik lehen txerto-dosia jaso.

Gomendio horiek betetzen ez dituztenei isunik jarriko ote zaien galdetuta, honakoa esan du: "Esaten ari garena da egiten duguna modu seguru eta mugatuan egin behar dugula", baina zehaztu du kasu bakoitzean, erakunde bakoitzak aztertu beharko duela zer neurri eta zer baliabide dituen egoera horri aurre egiteko. Horren ildotik, Zupiriak argudiatu du udalak ez direla egoera honen edo neurriak egokitzearen erantzule bakarrak: "Eusko Jaurlaritza eta Osasun eta Segurtasun sailak daude; denoi dagokigun gaia da". Hala ere, "udalek zenbait ordutegitan eremu publikoetara ez sartzeko erabakiak har ditzaketela" gaineratu du. Udal batzuk dagoeneko eskua hartzen ari direla nabarmendu du, "nahiz eta horien kontrako bandalismo-ekintzak ere egon diren".