Gizartea
KORONABIRUSA
Urritik zenbatu gabeko positibo kopurua atzeman du Nafarroak: 608
Eider Garaikoetxea O.| EITB MEDIA
Iruñeko Arrotxapea auzoan 37 kasu atzeman dituzte, Alde Zaharrean 20 izan dira, eta Txantrean, 17.
-
Iruñean bakarrik ia 200 kasu atzeman dituzte. Argazkia: EFE
Positiboek marka egin dute asteazken honetan Nafarroan, 600eko langa gainditu baitute (608), Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Atzokoan 3.760 proba diagnostiko egin zituzten, eta horietatik % 16,2 positibo izan ziren. Horrez gain, kutsatutakoen % 68k 15 eta 29 urte artean dituzte.
Bezperan baino 76 gehiago dira, eta duela astebete zenbatutakoa halako bi (256 izan ziren orduko hartan). Are urrunago dituzte duela bi aste hautemandako 68 kutsatzeak. Izan ere, pandemian zehar birritan igaro da 600eko langa: atzo eta 2020ko urriaren 29an (634).
Iruñean bakarrik 188 kasu zenbatu dituzte, eta bertan Arrotxapea (37 positibo), Alde Zaharra (20) eta Txantrea (17) auzoak dira kutsatzeen buru. Gainerakoan, Burlatako 25 kutsatzeak eta Lesakako 22ak aipatu behar dira. Azken udalerri horretan eta Bortzirietako beste hainbat herri txikitan baheketa egin zuten atzo, oraindik ez dituzte hautemandako positibo guztiak jakinarazi.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, 33 gaixo daude gela arruntetan (lau ospitaleratze berri) eta ZIUetan 10 eri daude oso larri.
Kasuen gorakadarekin arduratuta, murrizketa gehiago ezartzekotan da Nafarroako Gobernua, tartean etxeratze agindua. Dena dela, dena delako neurriak udalekin eta segurtasun indarrekin adostuko dituztela azpimarratu zuen Santos Indurain Osasun kontseilariak.