Gizartea
Koronabuloak
Magnetizatu egiten al dute txertoek eta PCR probek grafenoagatik? Ez, mezu biral batzuek hala badiote ere
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Covid-19aren aurkako txertoek eta PCR probek ez dute kutsatzen grafenoa baliatuz, eta ez dute pazienteengan magnetismorik sortzen; adituek sare sozialetan eta WhatsApp-en dabiltzan hainbat mezuk diotena gezurtatu egin dute.
-
Besteak beste, mezu hau dabil WhatsApp-en bidez. Argazkia: WhatsApp.
Ez, Covid-19aren aurkako txertoek eta antzemate-probek (ez PCR probek ezta beste edozein motatakoek ere) ez dute kutsatzen grafenoa erabiliz, eta, halaber, ez dute magnetismorik sortzen pazienteengan; hala esan diote EFEri hainbat adituk, nahiz eta hainbat mezu biralek kontrakoa dioten arren.
Sare sozialetan eta WhatsApp-en dabiltzan mezu batzuen arabera, grafenoko nanopartikulak ari dira herritarren gorputzetan sartzen covidaren aurkako txertoen eta PCR proben isipuen bidez, eta, ondorioz, pazienteak gaitasun magnetikoak ari omen dira garatzen. Interneten zabaldutako bideo batzuetan ikusgai omen dagoenez, pertsona jakin batzuek, ustez, elektromagnetismoko maila oso altuak dituzte, eta objektu metalikoak itsatsi egiten zaizkie txertoa jaso zuten gorputzaren puntutik gertu, ala sudurretik gertu, PCRa egin bazieten.
Hala ere, txerto baten bidez edo covid-19aren test baten isipua baliatuz, inork ez du gaitasunik propietate magnetikorik bereganatzeko, ezta objektu metalikorik erakartzeko ere, EFEri zenbait adituk azaldu diotenez. Gainera, teknika hori erronka teknologikoa litzateke, eta kostu ekonomiko handia izango luke, egun dauden baliabideak kontuan izanik. Azkenean, txertoek ez dute grafenorik, gai hori ez baitago euren osagaien artean.
Grafeno karbonoko atomoetako gaia da, grafitotik lortua; oso gogorra da eta malgutasun oso handia du, eta beroa eta elektrizitatea eroaten ditu; hortaz, aplikazio teknologikoetan oso baliogarria da, bai 5G telekomunikazioetan, baita mugikorren pantailetan eta karkasetan ere. Mediku-aplikazioetan ere erabili izan da.
Nolanahi ere, txerto batean edo ehunka txertotan inokulatu ahal diren grafenoko nanopartikulek edo covid-19a atzemateko probetan inokulatu ahal direnek "ez lukete eraginik izango", Jorge Mira adituak EFEri esan dionez. Mira Fisika Aplikatuko katedraduna da Santiago de Compostelako Unibertsitatean.
Grafenoa ez da magnetikoa
Grafenoa ez da magnetikoa, eta egoera hori aldatzea, magnetismoa izatea xede, "oso zaila" da, dio Mirak. Are gehiago; Miraren esanetan, grafenoa sortzea ere da zaila.
Sare sozialetan zabaldutako mezuetan, halaber, adierazi ohi da grafenoaren ondorioz, gorputzean sartuta, hartzaileak antenak balira bezalakoak geratzen direla. "Inolako zentzurik ez du", dio irakasleak: "Baina, antena bat sartzeko aukera balego ere, hori arrotza litzateke giza gorputzean, eta isolatuta egongo litzateke. Ezin izango luke seinale elektromagnetikorik sortu, gailu bati lotuta egon beharko litzatekeelako", azaldu du.
Bestalde, bideo batean neurgailu elektromagnetiko bat baliatzen dute, txertatutako pertsona batzuek ustez igorritako seinaleak detektatze aldera; Mirak gogora ekarri duenez, gailu horiek erraz manipulatu ahal dira.
Testuinguru honetan, Farmazialarien Kontseilu Nagusiko Zerbitzu Teknikoen Zuzendaritzako Ivan Espadak zehaztu duenez, orain arte baimenduta izan diren txertoek (Pfizerrek, Modernak, AstraZenecak eta Janssenek) ez dute grafenorik: "Gainerako txertoetan eta sendagaietan ere ez dago", gehitu du.