Gizartea
KORONABIRUSA
Kutsatzeek gora egin dute Nafarroan, laugarren egunez jarraian
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
"Ez-jaien" testuinguruan zenbatu dira positibo gehien: Iruñean 110 kasu atzeman dituzte, eta Lesakan, 25.
-
Sanferminik ez da egon Iruñean eta Lesakan. Argazkia: EFE
Laugarren egunez jarraian gora egin dute kutsatzeek Nafarroan. Igande honetan 368 positibo zenbatu dituzte, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Atzokoan 2.380 proba diagnostiko egin zituzten, eta horietatik % 15,5 positibo izan ziren.
Bezperan baino 29 gehiago dira, baina duela astebete zenbatutakoak baino 137 gutxiago. Duela 14 eguneko datuekin alderatuta, 339 gehiago dira.
Udalerriei dagokienez, Lesakan zenbatu dituzte positibo gehien: 25. Iruñean, guztira, 110 kutsatze izan dira. Arrotxapea auzoan 22 kutsatze hauteman dituzte, Barañainen (14), eta Iruñeko II. Zabalgunea eta Txantrea auzokoetan (13 eta 12 kasu, hurrenez hurren).
Igandean hiru pertsona ospitaleratu zituzten gela arruntetan, bat ere ez ZIUan. Guztira, 33 gaixo daude erietxeetan, eta 11 larri daude (Zainketa Intentsiboko Unitateetan).
Txertaketari dagokionez, atzokoan 6.122 dosi jarri zituzten, eta guztira, 12 urte baino gehiago duten 304.980 pertsona guztiz immunizatuta daude dagoeneko.