Gizartea
KORONABIRUSA
Zein puntutan dago uztail erdian txertaketa Euskal Herrian?
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
EAEko 12 urtetik gorakoen % 53,8, Nafarroako 12 urtetik gorakoen % 54,5 eta Pirinio Atlantikoetako (Iparraldea eta Bearno) 18 urtetik gorakoen % 57,7 erabat immunizatuta daude.
-
Ikasle bat covid-19aren aurkako txertoa jasotzen. Argazkia: EFE
Duela gutxira arte koronabirusaren pandemiak kontrolatze bidean bazirudien ere, Delta aldaerak positiboen gorakada ikaragarria eragin du azken bi asteetan, 16 eta 29 urte bitartekoen artean, batez ere. Gauzak honela, pandemiari galga jartzen ari zitzaiola zirudien honetan, "bosgarren olatua" dirudiena iritsi da Europa osora.
Nolanahi ere, oraingo olatua ez da aurrekoen neurriko sarraskia eragiten ari eta ospitaleetako egoerak ez du zerikusirik. Egunero-egunero daude covidagatik ospitaleratzeak eta 40 pertsona inguru daude une honetan Hego Euskal Herrian Zainketa Berezien Unitateetan arrazoi honegatik, baina arriskurik handien duten taldeak txertatuta egoteak eta gaixo berri gehienak oso gazteak izateak asko arindu du osasungintzaren gaineko presioa. Hala, osasun agintariek bi estrategia uztartuko dituzte hurrengo asteetan, birusaren hedapena geldiarazteko helburuz: 40 urtetik gorakoei bigarren dosiak jartzen amaitzea eta gazteenen txertaketa hastea.
Espainiako Estatuan, 12 urtetik gorako herritarren % 52,2 erabat immunizatuta dago ( % 44,3 populazio guztia kontuan hartuz gero), eta 12 urtetik gorakoen %68,8k lehen dosia jarrita du, Espainiako Osasun Ministerioaren datuen arabera. Frantziako Estatuan, berriz, 18 urtetik gorakoen % 49,8 immunizatuta dago, bertako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Gainera, ekainaren 15ean ireki zen 12 eta 18 urte arteko adin txikikoak txertatzeko aukera, gurasoen baimenarekin, eta hala egin dute jada 360.000 gaztetxok.
Txertaketa datuak are hobeak dira Euskal Herrian, lurralde guztietako adierazleek Estatuetako batez bestekoa gainditzen baitute, bai Hegoaldean, bai Iparraldean, Espainia zein Frantziako Osasun Ministerioek ematen dituzten datuak alderatuta.
Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, 12 urtetik gorako herritar guztien % 72,3k jaso dute txertoaren lehen dosia eta % 53,8 erabat immunizatuta daude. Nafarroan, 12 urtetik gorakoen % 71,5ek jaso dute lehen dosia, eta % 54,5ek pauta osoa. Bestalde, Ipar Euskal Herria eta Biarno barne hartzen dituen Pirinio Atlantikoetako 18 urtetik gorakoen % 57,7 daude erabat immunizatuta.
Gazteenen txertaketa
Euskal Autonomia Erkidegoan, covid-19aren aurkako txertoa jartzeko hitzordua hartzeko aukera zabaldu zien Osasun Sailak ostiral honetan 16 eta 29 urte bitarteko gazteei. 270.000 pertsona inguruk osatzen dute talde hori Euskadin eta 78.000 gaztek baino gehiagok hartu zuten hitzordua lehen egunean. Uztailean eta abuztuan irekita egongo da agenda eta txertoen horniduraren arabera emango ditu sistemak hitzorduak. Eguna eta ordua hartzeko Osakidetzaren webgunean sartu edo 900 20 30 50 telefonora deitu behar da.
Ez dago argi noiz irekiko diren 12 eta 15 urte bitarteko 110.000 adingabeentzako agendak, baina litekeena da iraileko lehen bi asteetan izatea.
Nafarroan, hilaren hasieran jarri zen martxan 18 eta 29 urte bitarteko gazteek txertaketarako hitzordua eskatzeko aukera. Agendak zabalik daude eta citasalud.navarra webgunean (CIPNA bidez eta jaiotze-dataren bidez sartzen da) edo 948 370 130 (Iruñerria) 948 370 135 (Lizarraldea) eta 948 370 140 (Tutera) telefonoetan har daiteke hitzordua.
Oraindik ez dituzte jakinarazi 12 eta 17 urte bitarteko adin txikikoen txertaketa datarik, baina Espainiako Osasun Ministerioak iragarri du abuztuaren amaiera eta irailaren hasiera bitartean egitea espero duela, ikasturtea hasi baino lehen.
Ipar Euskal Herrian, 18 urtetik gorako edonork eska dezake covid-19aren aurkako txertoa maiatzaren 31tik, itxaron gabe. Hitzordua doctolib.fr webgunearen bidez hartu behar da.
12 eta 18 urte bitartekoek gurasoen baimena eraman behar dute, eta jada horrela egin dute 360.000 adingabek.
EMAk, Sendagaien Europako Agentziak, Pfizerren txertoa baimendu du adin-tarte horretarako, eta orain Modernaren eskaera aztertzen ari da.