Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Pfizerrek txertoaren hirugarren dosi bat baimentzea eskatuko du, babesa handiagoa izateko

Agentziak | EITB Media

Errefortzuko txertoaren proba batean "datu pozgarriak" ikusi dituztela esan dute Pfizer eta BioNTech enpresek. Bestalde, EMAk ziurtatu duenez, covid-19aren aurkako txertoen hirugarren dosi bat beharrezkoa den "baieztatzeko goiz da".

  • Koronabirusaren aurkako Pfizerren txertoa.

    Koronabirusaren aurkako Pfizerren txertoa. Artxiboko irudia: EFE.

Covid-19aren aurrean babes handiagoa lortze bidean, Pfizer eta BioNTech konpainiek baimena eskatuko diote Ameriketako Estatu Batuetako Elikagaien eta Botiken Administrazioari (FDA) txertoa indartzeko hirugarren dosi bat injektatzeko.

Ohar bidez, enpresa biek esan dute errefortzuko txertoaren proba batean "datu pozgarriak" ikusi dituztela, eta gaineratu dute bigarren dosia hartu eta sei hilabetera bost edo hamar aldiz antigorputz neutralizatzaile gehiago ematen dituela.

Horren harira, baina, hainbat adituk jakinarazi dute AEBetako hedabideetan enpresa farmazeutikoak "diru-etekinak" bilatzen ari direla errefortzuko botikak garatuta, eta, horrela, gobernuek dosi gehiago eros ditzaten bideratuta. Halaber, AEBetako osasun-arduradunek zehaztu dute oraindik ez dagoela argi errefortzuko txertoa beharrezkoa den edo ez.

Pfizerrek iragarpena egin ondoren, FDAk eta Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroak adierazpen bateratu bat kaleratu zuten bart, non esaten duten, besteak beste, ez dela beharrezkoa, momentuz, indartze-txerto bat. "Txerto biak jaso dituzten estatubatuarrek ez dute indartze-txertorik behar", esan dute agentziek, eta gaineratu dute "zientzian oinarritutako prozesu zorrotz batean" sartuta daudela, halakorik beharrezkoa den ala ez erabakitzeko.

Hala ere, Pfizerrek txertoarekin Israelen lortutako emaitzei buruzko datuak eman ditu, eta, Israelgo Osasun Ministerioaren arabera, txertoaren eraginkortasuna gutxitu egin da hori hartu eta sei hilabetera, baina "gaixotasun larriak prebenitzeko eraginkortasuna handia da oraindik".

Delta aldaeraren aurreko babesa

Anthony Fauci AEBetako gaixotasun infekziosoetan aditu nagusiak berretsi duenez, Pfizer eta Moderna txertoen bi injekziok delta aldaeraren aurka ere babesten dute.

Hala ere, delta aldaerari aurre egiteko, txerto berezi baten entsegu klinikoak abuztuan hasteko prestatzen ari direla azaldu du Pfizerrek, beharrezkoa izango balitz, baina hirugarren dosia aukerarik onena izan daitekeela zehaztu du.

Stella Kyriakides Europako Osasun komisarioak ostiral honetan esan duenez, Pfizerren hirugarren dosi bat beharrezkoa balitz, EB txertoa eskuratzeko prest legoke, baina erabakiak zientziaren bermea beharko lukeela erantsi du.

Bestalde, Sendagaien Europako Agentziak (EMA) ziurtatu duenez, covid-19aren aurkako txertoen hirugarren dosi bat beharrezkoa den "baieztatzeko goiz da", babesaren benetako iraupena kalkulatzeko "datu nahikorik ez dagoelako".

EMAko iturri batek adierazi duenez, "oraingoz txertaketa kanpainen eta ikerketen datu nahikorik ez dago" txertoen babesak "zenbat iraungo duen jakiteko"; beraz, hirugarren dosi baten beharraz hitz egiteko "goiz da".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.