Gizartea
Indarkeria matxista
Gizon batek bere koinata hil du Murchanten, eta ihesean joan da
Agentziak | EITB Media
Gizonak bere autoarekin jo du emakumearena, eta bidetik aterarazi du haren ibilgailua. Labankadaz hil du auto barruan, seme-alabak aurrean zirela. Biktima gasteiztarra zen.
Gizon batek emakume bat hil du gaur goizean Murchanten, eta ondoren ihesean joan da. Koinatu-koinatak ziren. Foruzaingoa erasotzailearen bila dabil.
Gertakariak 10:25 inguruan jazo dira, N-6840 errepidean, Murchante parean. Luis Sancho alkateak Ser irratian azaldu duenez, gizonak bere autoarekin jo du emakumearena, eta bidetik aterarazi du. Orduan, gizona labana batekin joan zaio, eta autoan bertan hil du. Emakumea bere seme-alabekin zihoan, eta haien aurrean hil du.
Foruzaingoa hilketa ikertzen ari da eta erasotzailearen bila dabil. Alabaina, oraingoz ez dute xehetasun gehiagorik eman; hala ere, zehaztu dute ez dela genero indarkeria kasu bat, etxekoa baizik, bien artean familia-lotura bat dagoelako.
Bestalde, Murchanteko Udalak hiketa matxista salatzeko bilkura isila deitu du 20:00etarako Andra Mariaren plazan. Nafarroako Gobernuak ere gaitzetsi du krimena eta elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du.
Biktima gasteiztarra zen eta lauzpabost urte zeramatzan Murchanten bizitzen, Udaleko iturriek zehaztu dutenez.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere gaitzetsi du hilketa sare sozialetan argitaratutako mezu baten bidez, eta ostegunerako Bozeramaileen Batzordea deitu du.