Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Maskara "une oro" erabiltzea gomendatu du lehendakariak

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Iñigo Urkulluren ustez, salbuespen bakarra leku irekiak dira, osasun agintariek aholkatu bezala.

  • Jendea kalean; batzuk musukoarekin, beste batzuk, gabe.

    Jendea kalean; batzuk musukoarekin, beste batzuk, gabe. Artxiboko irudia: EFE

Iñigo Urkullu lehendakariak maskara "une oro" erabiltzearen garrantzia azpimarratu du, LABIak ekainaren erdialdetik indarrean dauden neurriak mantentzea erabaki ostean. Gainera, zuhurtzia eskatu die herritarrei.

Gaur goizeko LABIren bileraren ostean egindako agerraldian, lehendakariak adierazi du Euskadik hiru arrisku-faktore nagusi dituela: aldaera berrien bilakaera, birusak gazteen artean duen eragin handia, eta mugikortasuna eta arrisku handiko gizarte- eta jai-harremanak.

Ildo horretan, lehendakariak uste du txertaketa eta arakatzaileen lana direla une honetan funtsezko elementuak. Hala ere, Urkulluren hitzetan, erdigunean jarri behar dira berriz ere oinarrizko prebentzio neurriak; izan ere, "zuhurtzia behar dugu itxaropenerako", esan du. Bizi dugun unea "oso delikatua" dela uste du.

Horretarako,  maskara une oro erabiltzeko gomendioa luzatu dio gizarteari: "Egoera egonkortzen ez den bitartean, osasun agintariek maskara une oro erabiltzea iradokitzen dute. Salbuespen bakarra espazio irekiak dira, beste inor ez dagoenean", azaldu du lehendakariak.

Era berean, pertsonen arteko harremanetan beti metro eta erdiko distantzia mantentzearen garrantzia azpimarratu du, eta herritarrei prebentzio-neurriak betetzen ez diren jende pilaketetak sahiesteko eskatu die.

LABIk orain arteko neurriei eutsi die

LABIren Aholku Batzordeak murrizketak ez zorroztearen alde egin du, batez ere gazteei eragiten dien "epidemia agerraldi berria" gorabehera.

Intzidentzia tasa metatua 150etik gora badago ere, ZIUetako okupazioa txikia da. Hala, Bizi Berri IV Planaren bigarren agertokiko neurriak aplikatu ditu.