Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan neurriak gogortzea aztertuko du LABIk

EITB MEDIA

Kutsatzeen kopuruak gora egin du gazteen artean eta intzidentzia-tasa metatua nabarmen hazi da azken egunetan. Hortaz, LABI instituzionalak deseskalatze prozesua etetea erabakiko duela espero da.

1:34
LABIren bilera

Iñigo Urkulluk zuzentzen duen LABI Aholku Batzordeak bilera egingo du asteazken goizean (09:00), pandemiaren aurkako neurriak aztertzeko eta urrira arte indarrean egongo den Bizi Berri IV Plana aurkezteko.

Batzarra amaituta, lehendakariak agerraldia egingo du, erabakien berri emateko eta plan berriaren xehetasunak azaltzeko. Prentsaurrekoa zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus-en.

Azken egunetan nabarmen hazi da gazteen arteko kutsatzeen kopurua. 18 urtetik beherakoen artean, adibidez, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 1800 kasutik gorakoa da 100.000 biztanleko.    

Oro har, intzidentzia-tasa metatuak ere gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoan eta jada 183 kasu zenbatu dituzte 100.000 biztanleko.

Eusko Jaurlaritzak ez du aurreratu zeintzuk izango diren mahai gainean izango diren aukerak eta berretsi egin du LABI instituzionala adituek egindako txostenean oinarrituko dela neurriak zehazteko.   

Edonola ere, astearte honetan onartutako Bizi Berri IV Plana kontuan hartuta eta kutsatzeen bilakaerak okerrera egin duela ikusita, oso litekeena da deseskalatze prozesua gelditzeko erabakia hartzea.

Egungo adierazleekin, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa transmisioaren 3. mailan daude eta kasu horretan Eusko Jaurlaritzaren planak, besteak beste, ondoko neurriak aurreikusten ditu: ostalaritzaren itxiera eta jardueren amaiera gehienez 01:00ak arte baimentzea; oro har, % 50eko edukiera-muga aplikatzea; eta taldean bildu daitezkeen pertsonen kopurua 4ra edo 6ra mugatzea.