Itxi

Gizartea

EUTANASIA LEGEA

Absolbitu egin dute 2019an emazteari hiltzen lagundu zion gizona

o.p. | eitb media

Eutanasia Legea indarrean sartzearekin bat, Fiskaltzak erretiratu egin du Angel Hernandezen kontrako akusazioa, eta beraz, hura absolbitu beharra ezartzen du doktrinak.

  • Angel Hernandez.

    Angel Hernandez. Argazkia: EFE

Madrilgo Zigor arloko 34. epaitegiak absolbitu egin du Angel Hernandez, bere emazte Maria Jose Carrascori, esklerosi anizkoitza zuen gaixo terminalari, 2019an hiltzen lagundu zion gizona. Fiskaltzak akusazioa erretiratu du Eutanasia Legea indarrean sartzearekin bat.

"Aurkeztutako akusazio bakarra erretiratu denez, doktrinaren arabera, absoluzio-epaia eman behar da aldeko erabaki guztiekin", dio ebazpenak. Hala, Angel Hernandez suizidiorako lankidetza delitu batetik absolbitu du.

Joan den ekainaren 30ean, Fiskaltzak Angel Hernandezen aurkako akusazioa erretiratu zuen  -sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen zuen, bere buruaz beste egiten laguntzeagatik- eutanasia arautzeko legeak Zigor Kodean egindako aldaketa kontuan hartuta. Hernandez legez baimendutako egoeran dagoela onartu zuen.

Ministerio Publikoak aurretik iragarri zuen ez zuela indultuaren aurka egingo Hernandez zigortuko balute.

Angel Hernandezek hiltzen lagundu zion 61 urteko bere emazte Maria Jose Carrascori 2019an; 1989tik esklerosi anizkoitza zuen, % 82ko ezgaitasunarekin, eta urteak zeramatzan hiltzeko laguntza eskatzen.

Senar-emazteek bideoan grabatu nahi izan zuten Carrascoren suizidioa. Zintan argi eta garbi adierazten zuen emakumeak hil egin nahi zuela. Hernandezek, gainera, bere emazteak bere bizitzari amaiera eman nahi ziola idatzi zuen gutun batean, eta, bere kabuz egiteko gaitasunik ez zuenez, haren nahia betetzen laguntzea beste aukerarik ez zuela izan adierazi zuen.

Eutanasia arautzeko legea ekainaren 25ean sartu zen indarrean, Espainiako Diputatuen Kongresuak martxoaren 18an gehiengo handiarekin eta PP eta Vox-en kontrako botoekin.

Egun horretatik aurrera, gaixotasun larri eta sendaezina duten eta sufrimendu "etengabea eta jasanezina" duten pertsonek laguntza medikoa eska dezakete hiltzeko.