Gizartea
Koronabirusa
Nafarroan 700 positibo baino gehiago atzeman dituzte Salouko agerraldia tarteko
Agentziak | EITB MEDIA
Foru Gobernuaren Osasun Kontseilaritzak ostiralean abiatutako baheketa masiboari eutsiko dio, ikasleak Tarragonatik itzultzen ari direlako oraindik.
-
Hainbat gazte, ilaran, Iruñeko geltokiko baheketa masiboan. Argazkia: EFE
Saloura (Tarragona) egindako ikasketa bidaien ostean Nafarroako gazteriaren artean atzemandako covid-19 agerraldiak 700 positibotik gora utzi ditu dagoeneko. Asteburu osoan zehar 1.000 proba baino gehiago egin dituzte Foru Erkidegoan, eta horietatik atera dira kutsatzeok.
Gainera, gazteak Tarragonako herri horretatik iristen jarraitzen dutela kontuan hartuta, ostiralean abiatutako baheketa masiboari eutsi dio Foru Gobernuak. Iruñean, autobus geltokian eta Forem eraikinean, eta Tuteran (ospitalean) ari dira probak egiten.
Santos Indurain Osasun kontseilariak prentsaurrekoan nabarmendu duenez, gazteen parte hartzea handia izaten ari da. Era berean, uste du agerraldi horri "azkar eta egoki" erantzun diola Osasun Kontseilaritzak.
Kontseilariak delta aldaerak agerraldi horretan izandako garrantzia azpimarratu du: "Ekitaldi superkutsatzaile bat izan da, indiar aldaerarekin, gainera. Aste gutxitan, pisu gutxiko aldaera izatetik nagusi izatera igaro da eta azken egunetako kutsatzeen % 80ren erantzule da. Horri guztiari babes eta prebentzio neurriak betetzeko orduan lasaikeriaz ibiltzea batu behar zaio".
Indurainen ustez, "gazteen artean dagoen intzidentzia tasa altua oso kezkagarria da, baina itxaropentsua da oraingoz egoera horrek ez diela eragin adinez edo osasun egoeragatik zaurgarriagoak diren pertsonei, eta era berean, erietxeetan duen eragina txikia izatea. Izan ere, ospitaleen egoera egonkor dago".