Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Urkulluk "tentsioa mantentzeko" eskatu du, egoerak txarrera egitea ekiditeko

Agentziak | EITB Media

Lehendakariak adierazi du kasuen gorakadak iazko egoera ekar dezakeela gogora.

  • Iñigo Urkullu

    Iñigo Urkullu. Argazkia: EFE

Iñigo Urkullu lehendakariak "tentsioa mantentzeko" eskatu die herritarrei, covid-19 kasu berrien gorakada eta "talde transmisio berri bat" ekidite aldera. Gainera, adierazi du kasuen gorakadak iazko egoera ekar dezakeela gogora.

Lehendakaria Euskal Autonomia Erkidegoko datuekin "kezkatuta" agertu da, eldiario.es-en argitaratutako artikuluan. Gogorarazi du, txertaketa aurrera doan arren, ez dela erlaxatzeko momentua. Exekutiboaren buruak esan du oraindik "ezjakintasuna" dela nagusi, eta harreman sozialen areagotzearekin egoerak txarrera egin dezakeela.

Neurrien arintzea eta birusa "mutantea" dela kontuan izanda, ardura eskatu du Urkulluk. Gainera, onartu du gizarteak "neke pandemikoa" duela, baina oraindik beharrezkoa dela "azken esfortzu" bat egitea.

Azkenik, gazteei buruz aritu da lehendakaria. Azpimarratu du, azken datuen arabera, "positiboen % 85 39 urtetik beherakoetan eman dela, eta horien % 72, 19-39 adin tartean".

Asteazkenean bilduko da LABI batzorde instituzionala, pandemiari aurre egiteko neurri berriak hartzea beharrezkoa ote den aztertzeko.

EAEko datu gaurkotuak

Covid-19aren pandemiaren egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan. Positibo berrien kopurua (351) bezperan baino txikiagoa da (498), baina 3.000 proba gutxiago ere egin ziren atzo, eta, beraz, positibotasun tasa % 5,9tik % 6,6ra igo da.

Gutxienez lau agerraldi daude indarrean une honetan: Mallorcara egindako ikasturte amaierako bidaiei lotutakoa (267 positibo EAEn ostiralera arteko datuak kontuan hartuta), Saloura joandako 27 ikasle Soraluzen (ostiraleko datua), Bordelera joandako 10 ikasle Donostian (ostiraleko datua) eta San Juan jaien ondoren, 178 positibo Hernanin, azken zazpi egunetan.