Gizartea
KORONABIRUSA
351ra jaitsi dira positiboak EAEn, baina % 6,6ra igo da positibitate tasa
EITB MEDIA
Gazteen artean izan dira positibo gehien. Ospitaleetako egoera nahiko egonkorra da: atzo 10 lagun ospitaleratu zituzten eta 35 pertsona daude ZIUn.
Covid-19aren pandemiaren egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan. Positibo berrien kopurua (351) bezperan baino txikiagoa da (498), baina 3.000 proba gutxiago ere egin ziren atzo, eta, beraz, positibotasun tasa % 5,9tik % 6,6ra igo da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 5.331 proba diagnostiko egin zituen larunbat honetan eta horietatik 38k positibo eman zuten Araban, 152k Bizkaian eta 148k Gipuzkoan. Gainera, beste autonomia erkidego batzuetan bizi diren 13 pertsonak ere positibo eman zuten.
Gutxienez lau agerraldi daude indarrean une honetan: Mallorcara egindako ikasturte amaierako bidaiei lotutakoa (267 positibo EAEn ostiralera arteko datuak kontuan hartuta), Saloura joandako 27 ikasle Soraluzen (larunbateko datua), Bordelera joandako 18 ikasle Donostian (igandeko datua) eta San Juan jaien ondoren, 178 positibo Hernanin, azken zazpi egunetan (ostiraleko datua).
Ospitaleetako egoerak egonkor jarraitzen du
Pandemia hartzen ari den joera arriskutsuak ez du oraingoz, behintzat, islarik izan ospitaleetan. Atzo covid-19a zuten 10 pertsona ospitaleratu zituzten (aurreko egunean baino hiru gehiago) eta une honetan 35 pertsona daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU), atzo baino bi gehiago.
Udalerriei buruzko informazioa, RO indizea eta metatutako intzidentziari buruzko informazioa ez du Eusko Jaurlaritzak astelehenera arte eguneratuko.
355 positibo atzeman dituzte Nafarroan, azarotik ikusten ez zen kopurua
Nafarroako Foru Erkidegoan gorakada izugarria izan dute covid-19 kasuek azken orduetan. Ostegunean 113 kasu berri atzeman zituzten, ostiralean 152 eta gaur 355, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Positibo asko eta asko Saloutik itzulitako gazteen artean diagnostikatu dira. Iazko azaro hasieratik ez zen horrelako positibo kopururik atzematen Nafarroan.
Larunbat honetan 1.675 proba egin dituzte Foru Erkidegoan, PCR eta antigeno testen artean, eta % 21,2k positibo eman dute, aurreko eguneko tasa bikoiztuz ( % 10,5).