Gizartea
KORONABIRUSA
498 kasu berri atzeman dituzte EAEn, erdiak Gipuzkoan
EITB MEDIA
Positibitatea % 5,9koa da. Mallorcara, Saloura eta Bordelera egindako ikasle bidaiek zein Hernaniko San Joan jaiei lotutako agerraldiak, besteak beste, kasu ugari eragin dituzte gazteengan.
Covid-19 kasuen igoera geldiezina da oraingoz Euskal Autonomia Erkidegoan: ostiral honetan 498 kasu berri diagnostikatu dituzte, aurreko egunean baino 92 gehiago.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 8.417 proba diagnostiko egin zituen atzo, ostegunean baino gehiago (6.628) eta proben % 5,9k emaitza positiboa izan zuten.
Lurraldeka, Gipuzkoan izan da igoerarik handiena: 248 positibo berri izan ziren atzo (ostegunean baino 78 gehiago), Bizkaian 193 (aurreko egunean baino 15 gehiago) eta Araban 51 kasu (aurreko egunean baino 6 gehiago). Gainera, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren 6 pertsonek ere positibo eman zuten atzo.
Agerraldiak
Mallorcara egindako ikasturte amaierako bidaien inguruko agerraldiak 267 positibo utzi ditu orain arte EAEn (ostiraleko datua), eta 178 kasu izan dira Hernanin, 7 egunetan, ustez San Juan jaiei lotuta. Soraluzen beste 24-27 positibo izan dira ikasleek Saloura egindako bidaia bati lotuta, eta beste 10 kasu Donostian, Bordelera joandako ikasleen artean. Agerraldi guztiek irekita jarraitzen dute, eta diagnostiko probak egiten ari zaizkie une honetan kontaktu estuei.
Ospitaleetako egoerak egonkor jarraitzen du
Pandemia hartzen ari den joera arriskutsuak ez du oraingoz, behintzat, islarik izan ospitaleetan. Atzo covid-19a zuten 7 pertsona ospitaleratu zituzten (aurreko egunean baino 19 gutxiago) eta une honetan 33 pertsona daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU), osteguneko kopuru bera.
Udalerriei buruzko informazioa, RO indizea eta metatutako intzidentziari buruzko informazioa ez du Eusko Jaurlaritzak astelehenera arte eguneratuko.
150 covid kasu berriko langa gainditu du Nafarroak, apirileko datuetara itzuliz
Nafarroako Foru Erkidegoan ere gorakada handia izan dute covid-19 kasuek azken 48 orduetan. Ostegunean, 113 kasu berri atzeman zituzten, aspaldi ikusi gabeko kopurua, eta atzo, ostirala, 152 kutsatze berri atzeman zituzten, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Atzo 1.444 PCR eta antigeno test egin ziren eta % 10,5ak positibo eman zuen.
Apirilaren amaieratik ez zen egunean 150 kasu baino gehiago atzematen Nafarroan.
Saloura joandako 16 taldetako 26 gaztek positibo eman dute azken egunotan, eta ostiraletik baheketa berezia egiten ari zaizkie handik itzuli diren 17 eta 25 urte bitarteko gazteei.