Gizartea
Koronabirusa
Dagoeneko 276 dira Mallorcako agerraldiari lotutako positiboak EAEn
Agentziak | EITB Media
Litekeena da agerraldi honetako 99 pertsona (% 37) delta aldaerarekin kutsatu izana.
-
Baheketa masiboa, Donostian. Argazkia: EFE
Osakidetzak Mallorcako ikasturte bukaerako bidaiei lotutako 267 covid-19 kasu antzeman ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, Osasun Sailak aditzera eman duenez. Horietako 99 (% 37) delta aldaerarekin kutsatu direneko susmoa du Osakidetzak.
Baheketetan egindako 609 probetatik 118 kutsatze detektatu dira. Besteak, ostera, EAEko covid-19 kasu eta kontaktuen zaintza sareak egindako lanaren bitartez antzeman dituzte.
Mallorcan kasu positiboekin harremanetan egon zitezkeen gazteen etorrera luzatzen ari denez, Osasun Sailak eta Osakidetzak baheketa masiboarekin jarraituko dute. Horrenbestez, Osakidetzak irlatik etorritako 16 eta 19 urte artekoei PCR proba egiteko hitzordua eskatzeko galdegin die.
Osasun Sailak Mallorcatik etorritako pertsonei eskatu die harreman sozialetan zuhurtziaz aritzeko, eta zaintza eta arreta sareko profesionalek emandako jarraibideak betetzeko.
Azkenik, herritar guztiei gogorarazi diete, covid-19arekin bateragarriak diren sintomak badituzte (sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak edo usaimena galtzea), etxean isolatzeko eta osasun zentrora deitzeko.