Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Kutsatzeak harrotu egin dira berriro Nafarroan, 113 kasu atzeman baitituzte

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Maiatzaren 6tik zenbatutako kopuru altuena da. Positibotasun tasak ere nabarmen egin du gora: % 7,3an dago.

1:15
Nafarroa. Irudia: EITB Media

Koronabirus kasuak hanpatuta, ehunekoaren langa gaindituta, daude azken orduetan Nafarroan. Zehazki, 113 positibo atzeman dituzte, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

Maiatzaren 6tik zenbatutako kopuru altuena da (125 kutsatze izan ziren ordukoan). Gainera, bezperan baino 45 gehiago dira, duela astebete baino 62 gehiago eta duela 14 egun baino 66 gehiago.

Atzokoan 1.550 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 75 gehiago) eta horietatik % 7,3 positibo izan ziren. Positibotasun tasa hiru puntu igo da.

Orokorrean izandako kutsatzeen gorakada horrek udalerrien datuetan ere izan du isla. Corellan zortzi positibo zenbatu dituzte, eta Tuteran, zazpi. Barañainen eta Iruñeko Sarriguren auzoan, azkenik, bosna kasu hauteman dituzte.

Erietxeetako egoerari dagokionez, ostegunean pertsona bat ospitaleratu zuten, eta guztira, 23 dira erietxeetan dauden gaixoak. Sei egoera kritikoan daude, ZIUan. Ez da inor hil azken orduetan, eta hortaz, pandemia hasi zenetik zendutakoen kopurua berdina da (1.192).

Txertaketari dagokionez, atzokoan 8.856 txerto jarri zituzten. Guztira, 616.583 prestakin ipini dituzte eta 259.359 pertsonak pauta osoa dute.

Atzoko gorakada nabarmena gorabehera, Nafarroa alerta-maila baxuan dago. Hala, Foru Gobernuak ostalaritzako eta gaueko aisialdiko edukiera eta ordutegiak zabaldu ditu.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.