Gizartea
Abusuak elizan
El Puyko abusuen biktimen ustez, artzapezpikuaren barkamena ez da nahikoa
EITB MEDIA
Barkamena eskatu izana positibotzat jo badute ere, artzapezpikuaren jarrera "sinesgaitza" dela uste dute.
Lizarrako El Puy ikastetxean izandako abusu fisiko eta sexualen biktimek Francisco Perez Iruñeko artzapezpikuaren "barkamen" publikoa "positibotzat" jo dute, baina hala ere "ez dela nahikoa" uste dute.
Biktimak Perez artzapezpikuarekin bildu dira ostegun honetan gertaeren harira. Ondoren, biktimen bozeramaileak aldarrikatu du "hau ez dela bekatu bat, delitu bat baizik", eta beraz, egileek "epaituta eta kartzelan" egon beharko luketela.
"Barkamena eskatu izana positiboa da, zalantzarik gabe", azaldu du. Hala ere, "pertsonekiko errespetu faltaren, pederastiaren eta matxismoaren aurkako gerra handiaren baitan irabazitako borroka txiki bat" dela deitoratu du.
Ildo horretan, Nafarroako beste ikastetxe batzuetan abusuak jasandako biktimek ohar bat helarazi die komunikabideei, eta Perezen jarrera "sinesgaitza eta hipokrita" dela epaitu dute.
Biktima horien ustez, "elizbarrutiko zentro gisa El Puyko biktimei barkamena eskatzeak Elizak Nafarroan duen ordezkari nagusiak biktimizazio bikoitza eragiten digu, eta horrek edozein erantzukizunetik salbuesteaz gain, bigarren mailako biktima bihurtzen gaitu".