Gizartea
KORONABIRUSA
Kutsatzeen igoera xumearekin hasi dute hilabetea Nafarroan, 68 positibo berrirekin
O. P. | EITB MEDIA
Azken orduetan bezperan baino hiru positibo gehiago atzeman dira. Sarriguren, Cirauqui, Burlata eta Arrotxapean zenbatu dira kutsatze kasu gehien.
-
Erizain bat herritar bati proba diagnostiko bat egiten. Argazkia: EFE
Covid-19aren 68 kasu atzeman dituzte azken orduotan Nafarroan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera, bezperan baino hiru gehiago eta duela astebete atzemandako 40 kasuetatik eta duela 14 eguneko 46 positiboetatik gora.
Sarrigurenen izan ziren positibo gehien, bost zehazki; Cirauquin, Burlataneta Iruñeko Arrotxapea auzoan launa, eta Corellan eta Iruñeko Iturrama eta Mendillorri auzoetan hiruna kasu positibo.
23 pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan covid-19aren ondorioz, horietako sei ZIU postuetan daude. Gainera, paziente bat etxeko ospitalizazioan dago, eta gainerakoak, 14 paziente, solairuan daude.
Aurreko eguneko datuekin alderatuta, positiboek gora egin dutela adierazten dute datu horiek. Foru Erkidegoan, 64.011 kasu atzeman dituzte pandemiaren hasieratik, eta 1.192 pertsona hil dira guztira.
Nafarroa alerta-maila baxuan dago. Hala, Foru Gobernuak ostalaritzako eta gaueko aisialdiko edukiera eta ordutegiak zabalduko ditu ostiraletik aurrera.