Gizartea
koronabirusa
Covid pasaportea indarrean da dagoeneko Europar Batasuneko herrialde guztietan
o.p. | eitb media
Hego Euskal Herrian 210.000 pertsonek badute jada euren covid pasaportea, eta, horri esker, Europa osoan zehar bidaiatu ahalko dute berrogeialdirik egin beharrik izan gabe.
Covid pasaportea indarrean sartu da ostegun honetan Europar Batasuneko herrialde guztietan. Hego Euskal Herrian 210.000 pertsona inguruk eskuratu dute dagoeneko ziurtagiria azken asteotan, 148.172ek EAEn eta 61.606k Nafarroan. Agiri horri esker Europa osoan zehar bidaiatu ahal izango dute askatasunez eta berrogeialdirik egin beharrik izan gabe.
Ez da nahitaezkoa izango bidaiatzeko, baina, daramanari, erraztu eta arindu egingo zaizkio kontrolak; ez daukanak helburuko herrialdeko agintariek ezarritako neurri eta kontrolak bete beharko ditu, eta kasu bakoitzean beharrezko den informazioa aurkeztu beharko du.
QR kode digitala udako oporrengatik joan-etorriak nabarmen ugaritzen diren egunean sartu da indarrean; kode hori gailu mugikor guztietan eraman daiteke, baita paperean ere, ziurtagiriaren titularrak covidaren aurkako txertoa jaso duela, koronabirus -PCR edo antigenoak- proban emaitza negatiboa duela edo azken sei hilabeteetan gaixotasunetik errekuperatu dela frogatzeko.
EAEn Osakidetzaren webgunean eska daiteke ziurtagiria, eta Nafarroan norberaren Osasun Karpeta Pertsonalean sartuta
Dokumentua hamabi hilabetez behin berritu beharko da eta Sendagaien Europako Agentziak (EMA) onartutako txertxoentzat balio du; oraingoz, Pfizer-BioNTech, Moderna, Astrazeneca eta Janssen, baina, herrialde bakoitzak eskubidea izango du EMAk aitortu gabeko beste txerto batzuk sartzeko ere, Sputnik V edo Sinopharm, esaterako.
Ziurtagiria Europar Batasunean zeharreko bidaietan erabiltzeko sortu bazen ere, Bruselak iradoki du oso erabilgarria izan daitekeela beste egoera edo erabilpen batzuetarako ere, jatetxeetan, antzokietan, jaialdietan eta kontzertuetan, adibidez.
Gainera, Europako Batzordeak ziurtagiri digitala modu "koherentean" martxan jartzeko eskatu die bere kideei, baita koronabirusaren delta aldaeraren aurrean "erne" egoteko ere, abuztuaren amaieran "infekzioen % 90" aldaera horren ondoriozkoak izan baitaiteke.