Itxi

Gizartea

Txertaketa kanpaina

Osakidetzak ez die AstraZenecaren bigarren dosia aurreratuko 60-69 urte artekoei

EITB MEDIA

Euskadik 330.972 txerto dosi jasoko ditu aste honetan, eta agenden arabera, baliteke 33 urteko pertsonei txertoa jartzen hastea.

  • Txerto baten inokulazioa. Argazkia: EFE.

    Txerto baten inokulazioa. Argazkia: EFE.

Osakidetzak ez die AstraZenecaren bigarren dosia aurreratuko 60-69 urte bitarteko biztanleei, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetan adierazi duenez. Euskadin, antidoto horren bigarren txertoaren inokulazioa ezarritako jarraibidearen arabera egingo da, aurreikusitako hitzorduetan aldaketarik egin gabe.

Era horretan, baztertu egin du 60 eta 69 urte bitarteko herritarrei Oxfordeko txertoen bigarren dosia emateko hitzorduak aurreratzea, Jonan Fernandez Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Batzorde Teknikoaren koordinatzaileak atzo adierazi zuen bezala.

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) pertsona horiei bigarren dosia aurreratzea gomendatu zuen, orain bezala jarraituz gero, immunizazioa arrisku gutxiagoko beste kolektibo batzuen ondoren lortuko dutelako. Sailburuak adierazi duenez, bigarren dosiak "txerto horren fitxetako jarraibide teknikoei jarraituz finkatu ziren".

Txertoen iritsiera

Bestalde, aste honetarako txertoen iritsierari dagokionez, Sagarduik iragarri du Pfizerren 141.570 dosi espero dituztela, Modernaren 14.402, AstraZenecaren 168.800 eta Janssenen 6.200.

Aste honetan 60 urtez azpiko eta AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten funtsezko kolektiboek bigarrena jaso dute, pauta Pfizerren txertoarekin osatzeari uko egin eta bigarrenerako ere AstraZeneca eskatu zutenak. 60 urtetik gorakoen artean ere AstraZenecaren bigarren dosiaren txertaketak jarraitzen du.

Era berean, adinaren irizpidearen araberako biztanleriaren txertaketak bere bidea jarraitzen du, eta lehentasuna da "lehenbailehen amaitzea 49 eta 40 urte bitartekoen txertaketarekin", dagoeneko kolektibo horren % 68k jaso baitu lehen dosia.

Gainera, dosien erabilgarritasuna dela eta, 40 urtetik beherakoen txertaketa hasi ahal izan dela adierazi du sailburuak. Talde horren txertaketa joan den astean hasi zen, eta 33 urtera irits daitezke, agendak eskuragarri dauden heinean.

Ikasleak

Atzerrian ikasketak egiteko asmoa duten ikasleei txertoa aurreratzeko aukerari dagokionez, Sagarduik azpimarratu du txertaketa kanpainaren irizpide nagusia adina dela, kutsatze baten aurreko arriskuaren arabera alegia.

Une honetan, kutsatze gehienak kolektibo gazteen artean ematen ari direla eta, Sagarduik azaldu du "oraingoz txertorik jarri gabe" dauden biztanleak direla, eta "beraz, ulergarria dela inzidentziaren gorakada hor gertatzea, horrek frogatzen baitu txertoaren eraginkortasuna osatzen ari garen adin-taldeetan".

Aldaerak

Gotzone Sagarduik covid-19ko aldaeren datuak ere eguneratu ditu. Orain arte, Hego Afrikako 176 kasu atzeman dira, Brasilgo 652, Indiako 249 eta epsilon aldaeraren kasu bakarra, Kaliforniatik datorrena.

Bestalde, Sagarduik adierazi du Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen duela Europar Batasuneko covid ziurtagiri digitala erabat martxan jartzeko. Hala, uztailaren 1etik aurrera, ziurtagiria bide telematikoz lortu ezin izan duten pertsonek Izenperen hiru bulegoetako edozeinetan aurrez aurre eskuratzeko aukera izango dutela iragarri du.