Gizartea
Abusuak Elizaren baitan
Iruñeko artzapezpikuak barkamena eskatu du El Puy ikastetxeko sexu-abusuengatik
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Francisco Perezek publikoki aitortu du Lizarrako ikastetxe horretan izan ziren sexu-gehiegikeriak ez zirela ikertu eta biktimei barkamena eskatu die.
Francisco Perez Iruñeko artzapezpikuak barkamena eskatu die Lizarrako El Puy ikastetxean sexu-abusuak jasan zituen pertsonei, Elizaren izenean. Halaber, haiekin biltzeko prest agertu da, barkamena aurrez aurre eta modu pribatuan eskatzeko.
Agerraldian, Artzapezpikutzak sortutako ikerketa batzordeko Maite Quintana eta Alfredo Irujo arduradunak ere izan dira.
Batzorde horrek egindako dokumentuan azpimarratzen da 1962 eta 1974 urteen artean hainbat ikaslek egindako salaketak ez zirela ikertu eta biktimei barkamena zor zaiela horregatik.
Biktima horien mina bere egiten duela adierazi du artzapezpikuak: "Barkamena eskatzen diet, ordezkatzen dudan erakundearen izenean, El Puy eskolako abusuak salatu zituztenei, abusu fisiko edo sexualen zantzuak atzeman baziren, horiek bere garaian ikertu beharra zegoelako".
"Jakin badakit berandu gabiltzala, baina gure asmoa da lehen baino hobe jardutea, eta barkamena eskatu nahi dut, horrek eragin izan dezakeen sufrimenduagatik", erantsi du.
Ildo horretan, Perezek nabarmendu du gauzak aldatzeko borondatea dutela eta gaurkoa urrats garrantzitsu bat dela bide horretan. Halere, onartu du asko dutela egiteko oraindik.