Gizartea
Koronabirusaren semaforoa
Zumaia gorrian dago berriro, eta 11 udalerrik berdera egin dute jauzi
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Gipuzkoako zortzi herri eta Bizkaiko hiru 100.000 biztanleko 60 kasu baino gutxiagoko langatik behera kokatu dira. Ifrentzuan, Elorrio horiz ageri da.
-
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoa
Zumaia eremu gorrian sartu da asteburuko datu txarren ostean, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Txanponaren beste aldean, 11 udalerri, Gipuzkoako zortzi eta Bizkaiko hiru, 100.000 biztanleko 60 kasuko langatik behera jaitsi dira, eta berdean daude orain.
Arabak (94 kasu 100.000 biztanleko) eremu horian jarraitzen du, baita Amurriok, Laudiok eta Gasteizek ere. Agurainek, bestalde, berdeari eutsi dio. Araban ez dago herririk gorrian, ezta laranjan ere.
Bizkaian, hori dago semaforoa (111 kasu 100.000 biztanleko), eta, Arabak bezala, ez du udalerririk gorrian edo laranjan.
Hori dauden udalerriak honakoak dira: Abanto, Abadiño, Arrigorriaga, Barakaldo, Basauri, Berango, Bilbo, Durango, Elorrio (okerrera egin duen herri bakarra Bizkaian), Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Mungia, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Trapaga eta Zalla.
Balmaseda, Bermeo, Elorrio, Ermua, Gernika-Lumo eta Lekeitio eremu berdean daude oraindik. Derio, Markina-Xemein eta Ondarroa ere, gune horretan sartu dira.
Gipuzkoa ere eremu horian dago, intzidentziak gora egin duen arren (89 kasu 100.000 biztanleko, ostiralean baino sei puntu gehiago). Ziurrena, Zumaiaren datu txarrek eragin dute okertzea, hiru egunetan 29 kasu atzeman baitituzte. Horrenbestez, gune gorrian dagoen udalerri bakarra da.
Horian daude honakoak: Astigarraga, Azpeitia, Deba, Donostia, Hernani, Irun, Lezo, Lasarte-Oria, Lazkao, Oñati, Ordizia, Orio, Tolosa, Zumaia, eta Usurbil.
Azkenik, aipagarria da zortzi udalerriri berde jarri zaiela semaforoa: Aretxabaleta, Arrasate, Azkoitia, Hondarribia, Mutriku, Urnieta, Urretxu eta Villabona-Amasa. Andoain, Beasain, Bergara, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Zarautz eta Zumarraga gunerik samurrenean daude oraindik.
Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.