Itxi

Gizartea

lgtbi legea

Espainiako Gobernuak proposatutako LGTBI legearen aurreproiektuaren gakoak

Olatz Prat | EITB media

Lege-aurreproiektuak pertsonek generoaren autodeterminazio askerako eta erregistroan txosten medikorik eta lekukorik behar izan gabe sexua aldatzeko dituzten eskubideak aitortzen ditu.

  • Harrotasun Kritikoaren manifestazioa, atzo, Madrilen.

    Harrotasun Kritikoaren manifestazioa, atzo, Madrilen. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Trans Pertsonen Berdintasun Erreal eta Eragingarrirako eta LGTBI Pertsonen Eskubideak Bermatzeko Legearen aurreproiektua onartu du gaur. Horri esker, besteak beste, 14 urtetik aurrera sexua aldatu ahal izango da erregistroan, medikuaren txostenik edo lekukorik behar izan gabe.

Lege-aurreproiektua LGTBI harrotasunaren astean iritsi da, azkenean; Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroaren ustez, aurrerapauso historikoa da, duela hamasei urte ezkontza homosexualak legeztatu izanaren parekoa.

Monteroren ministerioak eskatu bezala, generoaren autodeterminaziorako askatasuna jasotzen du aurreproiektuak, eta Erregistroan sexua aldatu ahal izango da horretarako interesa duen pertsonaren borondate adierazpen hutsez, baldin eta lehen eskaera egin eta hiru hilabetera borondate hori berresten badu.

Aurreproiektuak 14 urtetik aurrera sexua aldatzeko eskubidea onartzen du, Berdintasun ministerioak bere lehen zirriborroan proposatzen zuena baino bi gehiago (neurri hori ez du ontzat jo kolektiboak). 12 eta 13 urteko haurrek baimen judiziala beharko dute sexuaren erregistro-aipamena aldatzeko, eta edozein adingabek bere izena aldatu ahal izango du txostenik behar izan gabe. 12 urtetik beherakoek izena aldatu ahal izango dute erregistroan, baina ez sexua.

Lege-aurreproiektuak ez du adingabeen hormonazioa aurreikusten, Berdintasun Ministerioak aurkeztutako jatorrizko testuak jasotzen zuen bezala.

Bestalde, lege-aurreproiektu honen onarpenaren bidez, trans egoeran dauden pertsonak despatologizatu egiten dira, hau da, ez dira gaixotzat joko. Gainera, legeak berariaz debekatuko ditu sexu-orientazioa, -identitatea edo -adierazpena aldatzera bideratutako bihurketa-terapiak, bai eta haurtxo intersexualen genitalak aldatzeko kirurgiak ere.

Era berean, ama lesbiana eta bisexualen haurren filiazioa baimentzen du da, ezkonduta egon beharrik izan gabe; halaber, lesbiana, bisexual eta transexualei lagundutako ugalketarako tratamenduetara jo ahal izatea bermatuko da, orain arte kasu jakin batzuetan baino onartzen ez zena, baldintzak desberdinak izanik, gainera, erkidego bakoitzean. 

Gehienez lau hilabete

Erregistro Zibilean aldaketa egiteko prozesuak lau hilabete iraungo du, gehienez ere. Lehenengo urratsa izango da interesdunak Erregistro Zibilean deklaratzea (aurrez aurre nahiz online). Bertan, bere jaiotza-inskripzioan aipatutako sexuarekiko desadostasunaren adierazpena jasoko duen inprimakia emango zaio, bai eta dagokion zuzenketa egiteko bere eskaera ere.

Dokumentu horretan jaso beharko da aukeratutako izen berria, salbu eta pertsonak daukana gorde nahi badu. Erregistro Zibilak eskatutako zuzenketaren ondorio juridikoen berri emango dio eskatzaileari, itzulketa-araubidea barne, bai eta prozeduran zehar eskatzailearen eskura dauden borondatezko laguntza-neurrien berri ere, diskriminazioaren aurka babesteko, errespetua sustatzeko eta tratu-berdintasuna sustatzeko neurriak barne.

14 eta 18 urte bitarteko adin txikikoen kasuan, honen borondatea eta iritzia gailenduko da prozesu osoan zehar, eta ondorio juridikoen inguruko informazioa, hizkuntza argia, ulergarria eta haren beharretara egokituta emango zaio. 

Eskatzaileak adostasun agiria sinatu ostean, gehienez ere hiru hilabete pasa aurretik deituko zaio, Erregistro Zibilean berriro bere eskaera berretsi eta hartutako erabakia mantentzen duela baieztatzeko.

Eskabidea sinatu eta aurkeztu ondoren, eskatutako erregistro-zuzenketari buruzko ebazpena emango da, gehienez ere hilabeteko epean, Erregistroan bigarrenez  agertutako datatik hasita. Hau da, Erregistro Zibilean sexua aldatzeko prozesu osoak gehienez lau hilabete iraungo luke.

Kritikak jaso ditu jaiotzerako

Lege aurreproiektua idazteko eta negoziatzeko maila politikoan izan den prozesuak berak agerian utzi badu ikuspuntuen aniztasuna, ez da gutxiagorako izan gizartean eta LGTBI kolektiboan lege berriari buruz sortutako iritzien desberdintasuna.

LGTBI elkarte nagusiek aurreproiektua begi onez ikusi badute ere, hainbat trans elkarte ez daude legearekin ados. Euren ustez, Exekutiboak bere kolektiboaren eskubideak bermatzen zituen legea "akabatu" du, hasiera batean aurreikusitako bi legeak (LGTBI Berdintasunerako Legea eta Trans Legea) lege bakar batean sartu dituelako: "Linboan utzi dituzte trans pertsonak" eta, adingabeak, 14 urtetik beherakoak, erregistro-aldaketa egiteko aukeratik "kanpo" utzi dituzte, bai eta pertsona ez-bitar edo transexual-migratzaileen kolektiboa ere.