Itxi

Gizartea

LGTBI+ Harrotasunaren Eguna

Aniztasuna egunero errespetatzeko aldarrikatu du LGTBI+ mugimenduak

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Milaka pertsona atera dira kalera Euskal Herriko udalerri ezberdinetan, LGTBI+ kolektiboa osatzen duten pertsona guztien eskubideak aldarrikatzeko.

3:07
Manifestazioa Bilbon. Irudia: EITB Media

Milaka lagun batu dira arratsalde honetan LGTBI+ Harrotasunaren Egunaren harira Euskal Herriko hirietan eta herrietan egin diren manifestazioetan. Goizean, hainbat ekitaldi instituzional izan dira udalek, aldundiek eta gobernuek antolatuta.

Iruñeko martxa LGTBI+ mugimenduko hainbat talde eta elkarte biltzen dituen Ekainak 28 Plataformak deitu du, "Saretuak, borrokan eta harro" goiburupean. Manifestariak Baluarteko plazatik abiatu dira, ilaratan eta segurtasun neurriak errespetatuz.

Aurrez, Kepa Yecora plataformako bozeramaileak esan du Nafarroan bizi den egoerari buruzko "irakurketa gazi-gozoa" egiten dutela. "Lege oso politak ditugu, baina ez dira aplikatzen", kritikatu du, eta hitzetatik ekintzetara pasa daitezela eskatu die Nafarroako Gobernuari eta udalei.

Horrez gain, "gaurko egunak gu guztion eskubideen alde borrokatu zirenak gogoratzeko balio du, baina gaurkoa aldarrikapen eguna ere bada; aniztasuna errespetatzea nahi dugu, baina urte guztian zehar, eta horrek aniztasuna gure egunerokoan txertatzea dakar", azpimarratu du.

Bilbon ere, milaka pertsona izan dira LGTBI+ mugimenduak deitutako martxan, eta kolektibo horren borroka "klase borroka" dela adierazi dute.

Horrela, bada, manifestazioa "LGTB+ borroka klase borroka da!" lelopean burutu dute. Mobilizazioa Bizkaiko E28 Koordinadorak antolatu du. Hainbat taldek osatzen dute plataforma: EHGAM, Ozen!, Sare Lesbianista, Intifada Marika, Iris Proiektua, Ukatu eta Akelarre.

Antolatzaileek transexualitateari buruzko lege berria gogor kritikatu dute. "Sarritan atzeratu dute legearen onarpena, transmisoginoei ahotsa emateko, eta orain berriro aldatu dute, migratzaileak, 14 urtetik beherakoak eta pertsona ez binoarioak kanpoan utzita", salatu dute.

Halaber, Bilboko Udalari aurpegiratu diote gaurko egunez LGTBI+ kolektiboaren aldeko txapa jartzen duela baina ondoren ez duela ezer egiten pertsona horien baldintzak hobetzeko.