Itxi

Gizartea

LGTBI+ kolektiboa

Euskal LGTBI+ Behatokia sortu dute, "benetako berdintasuna" lortzeko asmoarekin

EITB MEDIA

Aldarte, AMPGYL, Bizigay, Errespetuz, Gaylespol, Gehitu, Izanez, LGTBerri eta Naizen elkarteek sustatu dute proposamena.

1:24
LGTBI Behatokiko kideak

Bederatzi elkartek Euskal LGTBI+ Behatokia eratu dute, "benetako berdintasun eraginkorra" lortzeko eta kolektibo horien eskubideak babestuko dituen euskal legea eskatzeko.

Aldarte, AMPGYL, Bizigay, Errespetuz, Gaylespol, Gehitu, Izanez, LGTBerri eta Naizen elkarteek sustatu dute proposamena, astelehen honetan, Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira egindako prentsaurreko batean.

Sarai Montesek eta Mikel Oribek, Behatokiko presidente eta presidenteordeak, salatu dutenez, Ceuta eta Melillarekin batera, Euskadi da kolektiboaren eskubideak babesteko LGTBI+ legerik ez duen erkidego bakarra.

Montesek azaldu duenez, behatokiak "gorroto delituak eta diskurtsoak, identitate eta adierazpen sexualean oinarritutako diskriminazioa, benetako berdintasun eraginkorra eta LGTBI+ kolektiboaren eskubideak bide publikoan defendatzeko" lan egingo du.

Horregatik, urteak daramatzate sindikatuekin eta alderdi politikoekin batera, kolektiboa osatzen duten pertsona guztien giza eskubideak, berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatuko dituen testu bat idazten.

Era berean, azken asteotan izan diren erasoak gogorarazi dituzte: "gaitzetsi egiten ditugu azken asteetan gertatu diren eta oihartzun mediatiko handia izan dituzten erasoak, eta gaitzetsi egiten ditugu, baita ere, 2020an gertatutako gorroto-istiluak, ia hirukoiztu egin baitira", deituratu du Behatokiko presidenteak.