Gizartea
Legez kanpoko adopzioak
Lapurtutako umeen elkarteak manifestazioa egingo du 27an, Gasteizen
Erredakzioa
Lapurtutako Umeen Elkarteko presidenteak Jaurlaritzak agindutakoa "betetzea" eta eskatu du, orain arte "ez baita nahikoa egin" eta "hitz politak entzutearekin apur bat gogaituta gaudelako".
-
Irekitako hobietan ez dute hildako umeen gorpuzkirik aurkitu. Argazkia: Efe.
Lapurtutako Umeen Arabako Elkarteak (SOS Bebés Robados) manifestazioa deitu du urtarrilaren 27rako, ostirala, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, Araban ere kasuak egon direla adierazi eta erakundeen babesa eskuratzeko.
Euskadin egindako ikerketen ondorioz, hainbat familia salaketak jartzen ari dira, eren seme-alabak edo anai-arrebak lapurtu egin zituztela susmatzen dutelako.
Duela egun batzuk, Gipuzkoan, hirugarren hilobi bat ireki zuten eta ez zuten ustez hildako umearen gorpuzkirik aurkitu.
60 familia Araban
Araban ez dute oraindik hilobirik ireki baina 60 familiak 40ko eta 80ko hamarkaden artean euren seme-alabak lapurtu egin zituztela susmatzen dute. Familia horiek dira, hain zuzen, gertatutakoa ikertzeko eskatzen ari direnak, ume haiek legez kanpoko adopzioetan erabili omen zirelako.
Arana Klinikan gertatu omen dira kasu asko. Beste zentro batzuetan ere, Santiago Ospitalean, esaterako, kasu batzuk gertatu ziren. Hala ere, Arabako Fiskaltza Nagusiaren arabera, gaur egun ez dute ikerketarik abian jarri.
Askok uste dute, ume haiek ez zirela hil, legez kanpoko adopzioetan eman zituztela baizik.
"Hitz politekin gogaituta"
Flor Diaz Lapurtutako Umeen Elkarteko presidenteak Eusko Jaurlaritzak agindutakoa "betetzea" eta laguntza ematea espero duela esan du, orain arte "ez baita nahikoa egin" eta "hitz politak entzutearekin apur bat gogaituta gaudelako".
Europa Press agentziara egindako adierazpenetan, Diazek hitz horiekin erantzun dio Patxi Lopez lehendakariak egindako adierazpenei. Patxi Lopezek ETBn esan duenez, Jaurlaritzak "dituen baliabide guztiak familia kaltedunen esku jarriko ditu".
Flor Diazek esan duenez, gaur egun kasu ezberdinen inguruko informazioa biltzeko arazoak izanten jarraitzen dute.