Gizartea
KORONABIRUSA
Positibo berriak 30eko langatik behera kokatu dira Nafarroan
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Tutera Ekialdean eta Barañainen atzeman dituzte kasu gehien: launa kutsatze. Ospitaleetan 22 paziente daude.
-
Lodosan izandako baheketa bat. Artxibok argazkia: EFE
Pandemia apalago dabil Nafarroan, eta, horren lekuko, igande honetan 29 kutsatze atzeman dituzte, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Igandea izanda, proba gutxiago egin dituzte, zehazki, 726 (bezperan baino 222 gutxiago), eta horietatik % 4 izan dira positibo.
Duela zazpi egun baino zortzi kasu gehiago dira, eta duela bi aste baino hiru gehiago. Dena dela, atzoko datua uztailetik zenbatutako hirugarren kopuru txikiena da.
Bestalde, ospitaleetan 22 paziente daude covid-19ak jota, larunbatean baino lagun bat gehiago. Atzokoan ez heriotzarik izan. Pandemia hasi zenetik 1.192 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz Nafarroan.
Positibo berrien % 76 Iruñerrian antzeman dituzte; % 17, Tutera inguruan; eta % 3, Lizarraldean. Gainerako kutsatzeak beste udalerri eta eskualde batzuetan eman dira.
Tutera Ekialdean eta Barañainen atzeman dituzte kasu gehien: launa. Jarraian, Iruñeko Txantrea eta Azpillaga auzoak kokatu dira, hiruna positiborekin. Iruñeko Alde Zaharrean, berriz, bi kasu zenbatu dituzte.