Gizartea
Koronabirusa
Berrogeialdia egin beharko dute Mallorcan ikasbidaia egin dutenek
agentziak| eitb media
Gainera, alerten lantaldeak bertara ez joateko deia egin die oraindik abiatu ez diren ikasleei, kutsatzeko "arriskua altua" delako.
-
PCR testa. Argazkia: Efe
Mallorcan ikasbidaia egin dutenek edo egiten ari direnek koronabirusa atzemateko proba eta 10 eguneko berrogeialdia egin beharko dute itzuleran, oraingoz 349 positibo eragin dituen agerraldiaren ostean. Positibo horietatik, gutxienez 49 Donostiako zenbait eskolatako ikasleenak dira.
Horixe erabaki du alerten lantaldeak, Espainiako Osasun Ministerioa eta erkidegoak barne hartzen dituenak. Agerraldiaren berri izan dutenean deitu dute lantaldearen batzarra, EAEko ikasleez gain, Madrilgo Erkidegokoak, Valentziakoak, Aragoikoak eta Murtziakoak ere baitaude.
Oraingoz 394 kasu dira agerraldiarekin lotutakoak, eta guztiak dira ekainaren 12tik 18ra Mallorkan izandako ikasle bidaiekin zerikusia dutenak.
Mallorcako ikasbidaietan parte hartzen ari diren edo parte hartu duten ikasleak gertuko kontaktutzat hartzeaz gain, lantaldeak bertara ez joateko deia egin die oraindik abiatu ez diren ikasleei, kutsatzeko "arriskua altua" delako.
"Kasuak atzematen ari diren lekuan kutsatzeko arriskua altua da", adierazi dute lantaldea osatzen dutenek, Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.