Itxi

Gizartea

Espainiako Estatua

Baztertu egin dute AstraZenecaren dosia jaso duten 60 urtetik gorakoei Pfizer ematea

agentziak | eitb media

Osasun Publikoaren Batzordeak 12 asteko tartearekin berriro txerto berbera hartzeko aholkua eman die.

  • AstraZenecaren txertoa. Argazkia: Efe

    AstraZenecaren txertoa. Argazkia: Efe

Espainiako Estatuko Osasun Publikoaren Batzordeak AstraZenecaren lehenengo dosia jaso duten 60 urtetik gorakoei aholkatu die 12 asteko epean bigarren dosia etxe berarena hartzeko, eta ez dezatela Pfizerrena hartu, gazteagoei aholkatzen dien moduan, herritar talde horietan arriskua ez delako berbera.

Horixe jaso du Osasun Ministerioak Txertaketa Estrategiaren 8. eguneratzean. Izan ere, lehen atea ireki zion 60 urtetik gorakoei Pfizerren txertoa ematea AstraZenecaren dosiak iristen ez baziren.

Txostenean gogorarazi dutenez, maiatzaren 18an, AstraZenecaren txertoa jaso zuten 60 urtetik beherakoei epea 12 astetik 16ra luzatu ostean, eta CombiVacsen ikerketak emandako emaitza positiboetan oinarrituta, bigarren dosia Pfizerrena izatea erabaki zuten.

Hurrengo egunean, erkidego eta zientzialari askoren kontrako iritziaren aurrean, Pfizerri uko egiten ziotenek AstraZenecarena hartzea onartu zuten, sinatutako baimen baten bitartez.

CombiVacsez gain, beste ikerketa batzuek ere nahasketa horren emaitza ona bermatzen dutela adierazi dute.

"Azken batean, pertsona gazteen artean antigorputzen erantzun immune hobea atzematen da AstraZenecarena hartu ondoren RNAm txerto bat hartzen bada. Erantzun hori handiagoa da Vaxzevriaren (AstraZeneca) bi dosiak hartuz gero baino", gaineratu dute.

Baina ez da gauza bera gertatzen 60 eta 69 urteko herritarren artean: "Herritar talde horretan Vaxzevriaren bi dosiak hartzea aholkatzen da, 10-12 asteko tartearekin, tronboak izateko arriskua 60 urtetik beherakoen artean baino askoz ere txikiagoa delako".

Aurreko ekainaren 2a arte, Erresuma Batuan Vaxzevriaren 24,5 milioi lehenengo dosi eta 15,7 milioi bigarren dosi eman zituzten, eta guztira 372 tronbosi kasu atzeman zituzten (200 emakume eta 169 gizonezko, 18 eta 93 urte artean), eta soilik 23 izan ziren bigarren dosiaren ostean. Heriotzak, berriz, 66 izan ziren.

Espainiako Estatuan, Vaxzevria ez zaie aholkatzen tronboak eduki dituzten pertsonei edo "oso susmagarriak" direnei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.