Gizartea
koronabirusa
49 positibo hauteman ditu Osakidetzak Mallorcara joan ziren hainbat ikasleren artean
o. p. | eitb media
Unibertsitatera sartzeko proba eginda, Mallorcan egun batzuk igarotzen izan diren ikasleak dira. Madrilgo, Valentziako, Murtziako eta Aragoiko beste ikasle talde batzuetan ere atzeman dute agerraldia.
Gipuzkoako ikasle batzuen artean izandako agerraldia ikertzen ari da Osakidetza. Unibertsitatera sartzeko hautaproba egin ondoren, Mallorcan egun batzuk igarotzen izan diren ikasleak dira, donostiarrak gehientsuenak.
Agerraldia hainbat autonomia-erkidegotako beste ikasle talde batzuetan ere atzeman dute, besteak beste, Madrilen (245 positibo), Valentziako Erkidegoan (32 kasu), Murtzian (18) eta Aragoin, ikasturtea amaitutakoan Mallorcara bidaiatu zutenen artean.
Osasun Ministerioaren mendeko Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak (CCAES) bilera deitu du gaur eguerdian autonomia-erkidegoekin, egoera eta agerraldiaren koordinazioa eta kontrola hobetzeko hartu beharreko neurriak berrikusteko.
Halaber, aztarnariek emandako datuak aztertuko dituzte, kutsatutako ikasleen kontaktu estuak azkar detektatzeko.
Antza denez, horietako batzuk sintomak nabaritzen hasi ziren etxera itzuli baino zerbait lehenago, eta, iritsi bezain laster, proba egiteko agindu zieten.
Osakidetzak jakitera eman duenez, 49 dira dagoeneko agerraldi honekin erlazionatutako kasu positiboak; hori ikusirik, baheketa abiatu dute, ikasleen "osasuna eta segurtasuna zaintzeko, baita gainerako biztanleena ere". Ikasleen eta horien kontaktuen artean, listu bidezko probak egiten ari diren baheketan 250-300 pertsonak parte hartuko dute, lehen kalkuluen arabera.
Donostiako La Salle, Usandizaga, Zubiri-Manteo, Zurriola eta Jesuiten ikastetxeetako eta Lasarte-Oriako Oriarte Institutuko ikasleak dira.
Gipuzkoako dozena bat eskolatatik Mallorcara joandako 300 ikasleak hegazkinez joan ziren uhartera sei eguneko egonaldia egitera, Tu Fin de Curso enpresak antolatuta, eta asteazkenean itzuli ziren gehienak.
Ikasleekin joan ziren begiraleetako batek, Telmo Ordinasek, adierazi du enpresak bere esku zegoen guztia egin duela covid-19aren aurkako neurriak betetzeko. Penaz hartu du gazteak orain egoera horretan egotea, aurreko urteetan baino bidaia murritzagoa egin zuten arren.
"Ezin izan dute dantzaleku handietara joan" eta Regeton Beach Festival jaialdian etengabe gogorarazi zizkieten segurtasun neurriak, gaineratu du.
Proba negatiboarekin joan ziren
Interneteko bidaia-agentzia batekin antolatu zuten bidaia gazteek, euren kasa. Mallorcara abiatu aurretik, covid-19a atzemateko proba egin eta negatibo eman zuten guztiek. Dirudienez, Mallorcan bertan sortu da agerraldia.
Gaur jende-ilara luzeak osatu dira Donostiako erdiguneko Bengoetxea kalean dagoen Osasun Etxearen bueltan. Ilara horretan, ikasleez gain, horien guraso ugari ere egon dira txandaren zain.
Osasun Sailak informazio gehiago emango du behin betiko emaitzak jasotakoan. Bitartean, beti bezala, ohiko segurtasun-neurriak mantentzea eskatu du. Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak, bere aldetik, arduraz jokatzeko eskatu die gazteei.
Gazteen artean kutsatze kopuru handia eta intzidentziaren igoera nabarmendu den egun berean izan da agerraldi horren berri. Osakidetzaren buletin epidemiologikoaren arabera, asteartean 41 kasu positibo atzeman zituzten EAEn 17 eta 18 urteko gazteen artean. Adin tarte horretako intzidentzia metatuta 100.000 biztanleko 301 kasukoa izan zen, EAEko intzidentzia orokorraren hirukoitza, atzo 108 kasukoa baitzen. Bezperan, adin tarte horretan 9 kutsatu atzeman zituzten eta intzidentzia 238koa izan zen.
Gipuzkoan ere, nabarmen egin dute gora kutsatzeek astelehenetik asteartera, 31 izan baitziren astelehenean eta 70 asteartean.
Igoera azpimarragarrienetako bat Donostian izan da: astelehenean 6 kutsatu zenbatu zituzten; asteartean, berriz, 48.
Ikasturte amaierako bidaia
Madrilgo Erkidegoko Osasun Departamentuak jakitera emandakoaren arabera, positibo guztiak aldaera britainiarrekoak dira, PCR proben bidez egiaztatu dutenez.
Iturri horien arabera, Madrilen oraingoz kutsatutako gazteen 452 ikaskideri bakarrik egiten ari zaie jarraipena, eta ez senideei; hori dela eta, kasuen kopuruak gora egitea espero dute.
Lehenengo kasu positiboak Valentziako Erkidegoan detektatu zituzten, Elxen, Valentziatik Mallorcara ferryan joan zen ikasturte-amaierako bidaia baten ostean. Ekainaren 12an abiatu eta 18an itzuli ziren ikasle horiek guztiak.