Itxi

Gizartea

Iruñea

Iruñeak Udaletxe Plazan sartzea mugatuko du uztailaren 6an

EITB MEDIA

Hiriguneko kalerik ohikoenetan ere kontrolak ezarriko dira jende pilaketak ekiditeko asmotan.

  • Iruñeko Udaletxe Plaza 2020ko Sanferminetan. Argazkia: EFE.

    Iruñeko Udaletxe Plaza 2020ko Sanferminetan. Argazkia: EFE.

Bigarren urtez jarraian, Iruñeko Udaletxe eta Gaztelu plazetarako sarbidea mugatuta egongo da zaintza, kontrol eta segurtasun polizia-dispositibo bate bidez. Hala, uztailaren 6an, 7an, 9an eta 10ean covid-19agatik ezarritako egungo osasun-araudiaren aurkakoak diren jende pilaketa posibleak saihestea espero da.

Iruñeko Udalak antolatu du polizia-dispositibo hori eta hala eman du jakitera Sanferminak ospatzen ez diren bigarren urtean. Aurten, Udaltzaingoaren, Foruzaingoaren, Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren laguntza eta koordinazioa izango du.

Iaz bezala, uztailaren 6ko goizean 12 kontrol-gune ezarriko dira jende pilaketak ekiditeko Udaletxe Plazako eta Gaztelu Plazako sarbideetan, sei puntu bakoitzeko. Eremu horietako bakoitzaren gehieneko edukiera une horretan indarrean dagoen araudiak zehaztuko du.

Bi plazetako erdialdeak hesitu egingo dira jendea bertan gera ez dadin eta igarobideak soilik izan daitezen. Horrez gain, edariak, elikagaiak, pankartak, puxikak edo antzekoak daramatzaten pertsonei ez zaie pasatzen utziko. Aginte-postu aurreratua, bestalde, udaletxean jarriko da, eta hilaren 6az gain, 7an, 9an eta 19ean ere aktibatu ahal izango da, egoerak hala eskatzen badu.

Halaber, hiriguneko kalerik ohikoenetan jende-pilaketak ekiditeko kontrol bat ezarriko da, eta polizia agenteek Jarauta, San Nikolas – San Gregorio, Navarreria, Estafeta, Caldereria, Garcia Castañon, Orreaga hiribidea – Zezen plaza eta Gaztelu Plaza bezalako kaleak zainduko dituzte.

Eremu horien inguruko beste kale batzuk ere kontrolatuko dituzte, hala nola Espoz eta Mina, Comedias, Garcia Castañon eta Tejeria, eta etilometria eta droga kontrolak egingo dituzte hirira sartzeko bide nagusietan eta Iruñeko hiriguneko etorbideetan.

Iruñeko Udalak "benetan garrantzitsua dena, osasuna eta pertsonak lehenestea" gogorarazi nahi izan du, 2021eko San Fermin jaiak bertan behera utzi ziren egunean aurkeztutako bideoak azpimarratzen zuen bezala.